Eibarko Mendiak Bizirik taldeak salatu du administrazioak ez duela aintzat hartzen herritarrek eta elkarteek, "baserritarrak eta zuzenean kaltetutako lurren jabeak barne", informazioa eskatzeko eta parte hartzeko egin duten eskaera.
Abuztuan, Arena Power enpresak birformulatutako proiektua aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzari, eta, ondoren, alegazioak aurkezteko epe berri bat ireki zuten. "Baina dokumentazioa ez zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta kaltetutako bost udalek eta partikular, elkarte eta erakunde kopuru oso mugatu batek baino ez zuten jaso", salatu du taldeak. "Administrazioak 'interesduntzat' jo dituenak, alegia", gaineratu du. "Prozedura horrek hasierako proiektuari alegazioak aurkeztu zizkioten herritar gehien-gehienak alegazio horien erantzuna jaso gabe, birformulatutako proiektuari buruzko zuzeneko informaziorik gabe eta honi alegazioak aurkezteko aukerarik gabe utzi ditu".
Pertsona eta elkarte horietako "askok" interesduntzat jotzeko eskatu diote Industria Sailari azken asteetan, taldeak ohar bidez azaldu duenez. "Kasu batzuetan ez dute erantzunik jaso; beste batzuetan, egoera hori egiaztatzen duen dokumentazioa eskatu zaie, baina aurkeztu ondoren ere ez zaie erantzunik eman".
Hori dela eta, Eibarko Mendiak Bizirik taldeak Eusko Jaurlaritzako Industria Sailari eskatu dio prozedura publikoa egitea, "herritar guztien parte-hartzea ahalbidetuz". Gainerako administrazioei exijitu die, halaber, "beharrezkoa izanez gero, kudeaketa publikoari eska dakiokeen gardentasunaren alde esku har dezaten".