Bergaran aerosorgailu bakarra, Basalgoko proposamen berriarekin

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba

Basalgo parke eolikoan, alegazioak tarteko, aldaketak egin dituzte. Planteamendu berriarekin, lurralde banaketan aldaketak izango dira eta Bergara hiru aerosorgailu izatetik, bakarra izatera pasatuko litzateke. Bergarako Udalak jakinarazi du, moldaketak "arretaz aztertzen" ari dela. 

Basalgo parke eolikoaren enpresa sustatzaileak, Arena Solar Power-ek, aldaketak egin ditu proiektuan, Bizkaiko Foru Aldundiak Udalatxekiko eta sai zuriaren babeslekuekiko segurtasun-distantziei buruz egindako alegazioa tarteko. 

Planteamendu berrian seitik bostera murrizten da aerosorgailuen kopurua, eta aurreikusitako potentzia 28 MW-tik 24,95 MW-ra jaisten da. Lurralde-banaketa berria ere planteatzen dute: Eibar bi aerosorgailu izatetik hiru izatera igaro da; Soraluzek bat mantendu du, eta Bergara, hiru izatetik, bakarra izatera pasatuko da.

Aldaketa horien harira, Bergarako Udalak jakinarazi du proiektuaren moldaketak arretaz aztertzen eta aurretik egindako alegazioekin alderatzen ari dela. Lehen irakurketa batean, Udalak uste du proposatutako aldaketek ez dutela ingurumen-diagnostikoa aldatzen. Era berean, pentsatzen dute aurretik Udalak berak aurkeztutako alegazioetan identifikatutako hutsuneei ez zaiela erantzunik ematen. Behin aldaketa aurkeztuta, 30 eguneko epe berria aurkeztu dute alegazioak egiteko. Bergarako Udalak epe berri hori baliatuko du azterketan sakontzeko eta, beharrezkotzat jotzen bada, alegazioak aurkezteko; betiere, "herritarren interesa lehenetsita". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak