Kepa Sebal izango da Bergarako EAJren alkategaia

Idoia Aranbarri Arzuaga

Kepa Sebal Lazpiur, 2027ko udal hauteskundetako Bergarako EAJren alkategaia. (Argazkia: EAJ).

Gaur egun udalbatzako zinegotzi eta EAJko bozeramaile den Kepa Sebal Lazpiur (Bergara, 1999) izango da 2027ko udal hauteskundeetarako EAJren zerrendaburua. EAJtik adierazi dute, Sebalek "ilusioz eta konpromisoz" ekin diola etapa berriari: "Prest nago bide hau bergarar guztiekin batera egiteko".

Sebalek ohar baten bidez azaldu du, Bergararen etorkizunean sinesten duela: "Gure udalerriak aukera asko ditu, eta ziur nago elkarrekin, konfiantzaz eta ilusioz lan eginez, askoz gehiago egin dezakegula: Bergara aktibatu". 

Ingeniaritzan eta enpresen kudeaketan garatu du bere ibilbide profesionala Sebalek, eta azken urteetan, ekintzailetzan aritu da enpresa-berrikuntzaren eta teknologia berrien sektorean. Kooperatiben mundua eta inguruko enpresen errealitatea gertutik ezagutu ditu. Ibilbide profesionala zinegotzi karguarekin uztartu du agintaldi honetan, eta apiriletik da Bergarako EAJren bozeramailea: "Urte hauek kalean egotearen, herritarrak entzutearen eta haien kezkak ezagutzearen garrantzia erakutsi didate; baina baita Bergara hobetzeko jende askok duen ilusioa eta gogoa ere".

Hautagai jeltzaleak etorkizunari begirako ikuspegia defendatzen duela dio; hala nola, auzoetatik, tokiko merkataritzatik, enpresetatik eta pertsonek Bergaran beren bizi- eta lan-proiektuak garatzeko duten aukeratik. "Etorkizuna eraikitzeko ez dago gure sustraiak eta gure balioak zaintzea baino garrantzitsuagorik. Nondik gatozen jakitea ezinbestekoa da nora joan nahi dugun erabakitzeko. Maitatu eta egiten jakin", azpimarratu du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak