Hamar urte zituenetik ikusmen urritasunarekin bizi den Imanol Arriortua gidatzen aritu da Mi - kel Aristi txirrindulari profesional ohi bergararra hainbat lasterketatan. Euskadi Fundazioaren txirrindularitza egokituaren parte den bikoteak 2028an Los Angelesen izango diren Paralinpiar Jokoetan izatea du helburu. Iraganean txirrindulari profesionala izandakoa bada ere, Aristik ez du sekula jantzi munduko txapeldunaren maillota, eta bere burua ortzadarra soinean duela ikustea "sentsazio arraroa" dela aitortu du: "Guztiok ikusi ditugu txirrindulari onenak maillot horrekin, izar handientzako gordeta dagoen elastikoa da, eta arraro egiten zaigu orain guk janztea".
Amestutako garaipena
Munduko Txapelketari ekin aurretik, podiumean egotea zen bikotearen helburua; bai erlojupekoan eta baita errepideko lasterketan ere. Bigarren lasterketa horretan lortu zuten, hain zuzen, hasierako helburua betetzea. 110,4 kilometroko proban, Espainiako selekzioko taldekide Joan Sanso eta Eloy Terueli hamahiru segundo atera zizkioten, eta, hirugarren postuan, Herbehereetako Tristan Bagmaren tandema helmugaratu zen, 25 segundora.
Mikel Aristi: "Arraroa egiten zaigu txirrindulari handiek jantzitako maillota janztea"
"Eraso ugari izan ziren eta zirkuituko aldapatxo batean erabaki genuen gure saiakera egitea. Bakar-bakarrik egin genuen ihes eta helmugaraino iritsi ginen. 40 segundo inguruko tartea lortu genuen eta errenta hori mantendu genuen", azaldu du Aristik. Errepideko lasterketaren aurretik egindako erlojupekoan, baina, ez zuten esperotako emaitza lortu; bosgarren amaitu zuten, irabazlearengandik bi minutura eta dominetatik minutu pasatxora. "Errepidean egindakoak pena joaten lagundu digu, baina lan dezente egin dugu erlojupekoa hobetzeko, eta ez genuen egun ona izan. Askotariko arazo txikiek baldintzatu ziguten lasterketa", dio Aristik.
Arriortuak badaki zer den Munduko Txapelketa batean domina lortzea. 2024an, Zurichen (Suitza), zilarra eskuratu zuen errepideko proban eta brontzea erlojupekoan. Aristi gidari duela lortu du hainbeste borrokatutako ortzadar maillota. "Garaipen honekin beste pauso bat eman dugu, eta edozein lasterketa lehiatzeko gai garela uste dut", esan du Arriortuak.
Olinpiar Jokoak, jomuga
2028an jokatuko dira Los Angelesko Paralinpiar Jokoak. Bertan izateko ametsa du bikoteak, eta helburua lortzeko puntu sorta eskuratu dute Alabaman (AEB). Hala ere, Aristiren esanetan, helburu hori oraindik "urrun" dago: "Bertara joatea amesten dugu, baina lasterketa eta helburu asko ditugu aurretik. Orain arte Alabamako Munduko Txapelketa prestatu dugu buru-belarri, eta datorren denboraldia dugu aurretik". Bergararrak hilabete batzuk daramatza Arriortuarekin entrenatzen, "gustura" dabil, eta horrela jarraitzeko duela esan du.
Denboraldiko helburu nagusia beteta, atseden hartu eta datorren denboraldiko helburuak zeintzuk izango diren finkatzen joateko unea dute orain. "Pixka bat deskonektatuko dugu orain. Gustura ibili gara, baina gogor entrenatu gara eta diziplina eskatu digu. Etxekoek ere asko lagundu digute, entrenatu ahal izateko beste batzuek lan egin dute eta", adierazi du Aristik.