Aristik eta Arriortuak Munduko Txapelketa irabazi dute tandemean

Koldo Zubia Salas

Ezkerrean, Arriortua, eta eskuinean, Aristi; ortzadar mailotarekin. Irudia: RFEC.

Mikel Aristi bergararrak eta Imanol Arriortua derioztarrak Munduko Txapelketa irabazi berri dutela baieztatzen duen ortzadar maillota lortu dute Alabaman. Tandemean lehiatu du bikoteak, eta, erlojupekoan bosgarren amaitu ostean, errepideko txapelketan nagusitzea lortu du.

Tourreko maillot horiaren ostean, ortzadar maillota da agian txirrindulari orok jantzi nahi izaten duen elastikoa. Bada, hori janztea lortu dute Aristik eta Arriortuak Huntsville hirian ospatu dituzten Errepideko Txirrindularitzako Munduko Paralinpiar Txapelketetan. 

Hamar urte zituenetik ikusmen urritasunarekin bizi Imanol Arriortua gidatzen aritu da Mikel Aristi txirrindulari profesional ohi bergararra hainbat lasterketetan. Euskadi Fundazioaren txirrindularitza egokituaren parte den bikoteak, 2028an Los Angelesen izango diren Paralinpiar Jokoetan izatea du helburu, eta sailkapena lortzeko puntu baliagarriak bildu dituzte. 110,4 kilometroko proban bakarrik helmugaratzea lortu dute, lasterketa bikaina burutuz; Espainiako selekzioko taldekide, Joan Sanso eta Eloy Terueli hamahiru segundo atera dizkiote. Hirugarren postuan eta 25 segundora, Herbehereetako Tristan Bagmaren tandema helmugaratu da. 

"Hasieratik ikusi dugu geure burua indartsu. Eraso gehienei erantzuten saiatu gara. Indar gehiegi gastatzen ari ginela pentsatu dugu. Eta apustu sendoa egitea erabaki dugu lehen aukeraketa egin ondoren. Aldapa bat zegoen, topera jarri gara eta helmugaraino ihes egin dugu. Beste norbait gurekin etortzea zen gure pentsamendua, baina bakarrik joan gara. Gure helburua talde hori hautatzea -10-12 tandem ginen buruan- eta bizpahiru geratzea, hainbeste nahasmena ez egoteko eta arazorik ez izateko. Baina erasoa hain gogorra izan denez, inork ez digu erantzun, eta hortik aurrera gure erritmoa jarri dugu, eta nahikoa izan da helmugara iristeko", esan dute Aristik eta Arriortuak garaipena eskuratu osten.

Zapatuan, bosgarren

Errepidekoa ez da Aristik eta Arriortuak egin duten lasterketa bakarra izan. Zapatuan, erlojupeko lasterketan ere aritu ziren, baina ez zuten dominarik lortu. Elie del Carvalho frantziarraren tandemak baino bi minutu gehiago behar izan zituzten ibilbidea osatzeko. Tristan Bagma eta Alexandre Lloverasen tandemek eraman zituzten dominak 24 eta 36 segundora amaituta, hurrenez hurren. Aristi eta Arriortuak, berriz, bosgarren amaitu zuten. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak