Andoni Calbanok zeresan handia eman du aurten ere uda sasoiko lasterketetan

Koldo Zubia Salas

Andoni Calbano, Alba Borrero sevillarrarekin, Tarenton; biek laugarren amaitu zituzten euren probak. Irudia: COE.

Dominetatik pauso batera gelditu zen eguaztenean Tarentoko Mediterraneoko Jokoetan. Abuztuan jokatutako Europako Txapelketan, 4x100 metroko proba mistoan brontzea lortzetik eta Espainiako errekorra ontzetik zetorren bergararra.

Uda sasoi ederra egiten ari da Andoni Calbano (Bergara, 2000) nazioarteko atletismo probetan. Aurten, beste urte batzuetan egin ez bezala, denboraldia luzatzea erabaki du, eta emaitzek argi erakusten dute hartutako erabakia zuzena izaten ari dela

Mediterraneoko Jokoetan egindako marka (20.58) ez dute aintzat hartu, haizearengatik

Eguaztenean, Tarenton (Italia) izan zuen Calbanok azken hitzordua; bertan jokatu dira egunotan Mediterraneoko Jokoak. Haren proba kutunean aritu zen; hau da, 200 metrokoan. Martitzenean jokatutako finalerdietan haren txandan denbora onena lortu ostean (20,64), domina bat lortzeko itxaropenarekin heldu zen finalera Calbano. Beste finalerdian, baina, hiru atletak berak baino denbora hobea ezarri zuten, eta, ondorioz, erronka zaila zuen aurretik bergararrak. Finalean, 20,58 segundoko marka egin zuen Calbanok, baina, aurreikuspenak betez, brontzea Theo Schaub frantziarrak eskuratu zuen, 6 ehunen azkarragoa izan baitzen (20,52). Calbanoren aurretik amaitu zuten bi atletak maila batekoak ziren; Yassine Hssine marokoarrak lortu zuen garaipena (19,94) eta Filippo Dezza italiarra sailkatu zen bigarren (20,22).

Europako txapelketan brontzea

Mediterraneoko Jokoetan parte hartu aurretik ere eman du zeresana Calbanok. Agian, lorpen esanguratsuena Birminghamen jokatu ziren Europako Txapelketetan abuztuaren 16an lortutako brontzea da. Guillem Crespi, Maria Isabel Perez, Jael Bestue taldekieekin batera, 4x100 metroko errelebo mistoan 40,42 segundoko denbora eginda eta Espainiako errekorra onduz lortu zuen domina leporatzea.

Calbano eta taldekideak, Europako Txapelketako podiumean. Irudia: RFEA.

Uztailean ere, Espainiako Txapelketan brontzea eskuratu zuen 200 metroko lasterketan, 20,84 segundoko lasterketa eginda. Urtebete lehenago txapelketa berean 20,41 segundotan ezarritako errekorra eta urrezko domina ez zuen errepikatzerik izan. Hala ere, ekainean distantzia bera 20,63 segundotan egitetik zetorren bergararra, eta, emaitzak baino gehiago, marka horiek dira 4x100 metroko lasterketa bateko selekzioa egiterakoan kontuan hartzen direnak.

Hala, abuztu hasieran, Gaboronen (Botswana) jokatutako World Athletics Relays probarako aukeratu zuen Espainiako selekzioak. Calbanok, Crespik, Perezek eta Bestuek osatutako laukoteak –bi aste geroago Europako Txapelketan aritu ziren berak– Espainia datorren urtean Pekinen jokatuko den Munduko Txapelketan egoteko txartela eskuratu zuen bertan, 40,51 segundoko denbora eginda.

Ezin iazko markarekin

Pertsona gutxiren eskuan dago Europako Txapelketa batean brontzezko domina eskuratzea, baina 200 metrokoan emandakoarekin arantzatxoa izango du, agian. Mediterraneoko Jokoetan egindako marka (20,58) ez dute kontuan hartu, haizearengatik, eta, momentuz, 20,63 segundokoa da aurten egin duen lasterketa azkarrena. Iazko Espainiako Txapelketako finalean egindako markara, beraz, ezin izan da hurbildu (20,41).

Ez du denboraldia amaitu

Datorren astean, Budapesten, 4x100 metroko errelebo mistoan ariko da ostera Espainiarekin

Beste batzuetan baino gehiago luzatu du aurtengo denboraldia Calbanok, eta Italiatik Hungariara egingo du orain. Budapesten jokatuko den World Athleticks Ultimate Championships izena jarri dioten topaketan ariko da, 4x100 metroko proba mistoan. Europako Txapelketan egindako errekorra ontzen jarraitzeko helburua izango dute bertan. Ikusteko dago bergararrak Hungarian amaituko ote duen denboraldia; izan ere, uztailean, Espainiako Txapelketaren aurretik GOIENArekin egindako elkarrizketan, meeting batera aurkezteko asmoa zuela zioen. Izan ere, hor lortutako markak datorren urteko Munduko Txapelketarako sailkatzeko baliagarriak izan daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak