Andoni Calbanok brontzea eskuratu du Europako Txapelketako errelebo mistoan

Koldo Zubia Salas 2026ko abuztuaren 17a

Andoni Calbano eta bere taldekideak Birminghamen jokatu den atletismoko Europako Txapelketako podiumean. Irudia: RFEA Sportmedia.

Andoni Calbano atleta bergararrak brontze historikoa lortu zuen atzo iluntzean, Birminghamen jokatu diren Europako Txapelketetan. Guillem Crespi, Maria Isabel Perez, Jaël Bestue taldekieekin batera, 4x100 metroko errelebo mistoan, 40,42 segundoko denbora eginda lortu zuten domina leporatzea.

Atzo amaitu ziren Birminghameko atletismoko Europako txapelketak; ohikoa den moduan, errelebo lasterketetako finalekin. 4x100 metrotako final mistoan izan zen, hain zuzen, Andoni Calbano, Espainiako selekzioarekin lehiatzen. 

Atzokoan, gainera, Espainiako selekzioak estreinaldia izan zuen diziplina horretan Europako txapelketa batean eta ederto moldatu zen, Crespik, Perezek, Bestuek eta Calbanok osatutako laukotea. Bergararra taldeko hirugarrena izan zen testigua hartzen eta azken erreleboa egin zuen Bestueri, esku-eskura utzi zion brontzezko domina.

Errekorra eta sari potoloa

Espainiako errekorra ontzea ere lortu zuen laukoteak, 40,42 segundoko denbora eginda. Horrenbestez, datorren urtean Pekinen jokatuko den Munduko Txapelketan egoteko txartela ere eskuan du Espainiak. Proban garaipena lortu zuen herrialdea Erresuma Batua izan zen, 39,97 segundotan gelditu zuten kronoa, Europako errekorra lortuz eta beste maila batean daudela erakutsita. Alemania sailkatu zen bigarren, 40,11 segundoko denborarekin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak