Bergarako plazako obrak direla eta sanmartinetan ere Oxirondo izango da jaigune nagusia eta hara eramango dituzte txosnagunea eta oholtza nagusia. Beste urte batez, Oxirondon jarriko dute San Martin Feria irailaren 12an. Egun horretarako antolatu dituzten tailerrak, berriz, Katabia plazan izango dira. Arratsaldeko Bikote Nagusien 41. Dantza Txapelketa Oxirondoko oholtzan izango da, baina euria egingo balu Seminarixora lekualdatuko dute.
Honakoa da San Martin Feria egunerako Udalak antolatu duen egitaraua:
Irailak 12, zapatua
- 09:30 Feria irekiera, Oxirondo plazan. Barazki, Fruta eta Gazta Azoka eta lehiaketa. Bestelako produktuen azoka eta Talo postua.
- 11:00 Bergarako Trikitilariekin kalejira Musika Eskolatik hasita.
- 11:00 Haurreu zuzendutako Garaian garaiko fruta eta barazkiak ezagutzeko dinamikak tailerra Katabian, Jardun Euskara Elkartearen eskutik.
- 11:30 Bergarako Odolosteen dastaketa Imaz eta Leturia harakinei esker.
- 12:00 Linimentua prestatzeko tailerra Ekoudalatx Mintegi ekologikoaren eskutik Katabian.
- 12:30 Kandela tailerra eta erlauntzatik zuzeneko ezti dastaketa tailerra Erlantz Olabarriaren eskutik Katabian.
- 13:30 Barazki, Fruta eta Gazta lehiaketako sari-banaketa.
- 18:30 Bikote Nagusien 41. Dantza Txapelketa Moises Azpiazuren oroimenez, Oxirondo plazan. Euriarekin Seminarixoan.
- 22:00 Suzko zezena, Oxirondon. Udalak ez du beregain hartuko ibilbidean dagoen jendeak izan ditzakeen kalteen erantzunik.
Danborradako entseguak
Irailaren 2an hasiko dira helduen eta haurren danborradetako entseguekin. Entsegu guztiak Seminarixoko patioan egingo dira. Haurrenak, 19:00etan hasiko dira eta, irailaren 2an, 3an, 7an, 8an, 9an, eta 10ean elkartuko dira. Helduak, berriz, 20:00etan dute hitzordua. Irailaren 2an danborrak soilik eta irailaren 3an barrikak bakarrik. Irailaren 7an, 8an, 9an eta 10ean talde guztiek batera entseatuko dute.
Udalak danborradan parte hartu nahi duten herritarrei gogorarazi die danborra edo barrika jasotzeko unean bakoitzak bere gerrikoa eraman beharko duela.
Ageriko 51. Simon Arrieta Pintura lehiaketa
Bergarako Udalak eta BEART Bergarako artisten elkarteak elkarlanean antolatu dute 51. aldiz Simon Arrieta Pintura Lehiaketa. Irailaren 13an, domeka, ospatuko dute eta parte-hartzea irekia da. Lanak aire zabalean egin beharko dira eta teknika eta gaia libreak dira. Euskarriok lehiaketa egunean, 08:30etik 11:00etara, Santa Marinako arkupeetan markatuko dira (Oxirondo plaza 1) eta egun berean, 13:00etatik 14:30era bitartean aurkeztu beharko dira Oxirondo plazan. Lehiaketako oinarri guztiak Bergarako Udalaren webgunean kontsultatu daitezke.
Pantxoa eta Peio, irailaren 16an
Pantxoa eta Peioren azken birako kontzertuetako bat izango da sanmartinetakoa, eta irailaren 16an igoko dira Oxirondoko oholtza nagusira 20:00etan. Apirilean elkarrizketatu zituen GOIENAk Peio Ospital eta Pantxoa Karrere, eta aurreratu zuten "plazer handia" dela Monzonen herrira itzultzea. Izan ere, Hego Euskal Herrian eman zuten lehen kontzertua izan zen Bergarakoa 1971n.