Peio Ospital eta Pantxoa Karrere: "Plazer handia da Monzonen herrira itzultzea"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko apirilaren 24a

Peio Ospital eta Pantxoa Karrere musikari eskarmentudunak Bergaran izango dira irailean. Argazkia: Pantxoa eta Peio.

Ibilbide luzeko bikoteak kontzertua emango du irailaren 16an, Bergaran, goi-mailako musikariz lagunduta; sarrera dohainik izango da. Belaunaldiak batzen dituzten bi musikariekin izan da GOIENA, kultura ibilbidea saritzea helburu duen Donostiako Udalaren Adarra saria aurten eurek jasoko dutela iragarri aurretik.

Ikusmina sortu du Pantxoa Karrere (Azkaine, 1948) eta Peio Ospital (Ezpeleta, 1948) musikarien agur-birak. Maiatzaren 9an Santutxun abiatuta, zazpi kontzertu egingo dituzte guztira; horien artean, "1971n egin zuten kantaldi esanguratsua gogoan", Bergaran izango da euskal kantagintzako errepertorio ezaguna zuzenean entzuteko eta kantatzeko aukera. 

Bira hastear; gogotsu zaudete?

Pantxoa Karrere: Bai, bistan da, plazerarekin abiatuko dugu.

Peio Ospital: Gogotsu, baina, aldi berean, urduri ere bai; prestakuntza lanetan ari gara, baina badakigu erronka handia dela.

Zer da berriz ere makineria martxan jartzea?

P.K.: Kar-kar. Bizikleta uzten duzunean eta berriz txirrinduaren gainera lotzen zarenean, segituan jartzen da berriro dena martxan. Bistan da gure ahotsak pixka bat herdoilduta daudela, baina entseguetan lan polita ari gara egiten. Dena ongi landuko dugu jendaurrean gauza polita aurkezteko eta jendea pozik izateko, eta baita gu ere.

P.O.: Kasik hamabost urte dira bikotea utzi genuela, eta berriz martxan jartzea kostatu egiten da, baina, aldi berean, poz handia sentitzen dut, gure bikotearen ibilbideari amaiera duina ematea falta zitzaidan-eta niri; beraz, oso motibatuta nago.

Bi kantaldi egin dituzue; zer moduz?

P.O.: Oso ondo; Abadiñon Gazte Topagunean izan ginen lehenengo eta Baionako Aberri Egunean biharamunean. Oso hunkigarria izan zen horrenbeste gaztek gure abestiak modu horretan ezagutzea eta kantatzea. Baionakoa ere biziki polita!

P.K.: Hala da, bai; biziki atseginak! Formatu txikian joan ginen Peio eta biak, Mixel Ducau gitarra-joleak lagunduta.

Belaunaldi askok egiten dute bat zuen kantuekin.

P.O.: Harrigarria da! Hiru belaunaldi ikusi izan ditugu publikoan batera: gurea, noski, gure seme-alabena ere bai, eta baita gure biloben adinekoak ere, eta oso hunkigarria da hori. Horrek pentsatzera eramaten gaitu gure kantu horiek etxeetan, familietan, sartu direla, eta pertsonen baitan ere bai. Hunkigarria egiten zait pentsatzea jende batentzat garai batean gure abestiak bidelagun izan zirela, eta horren ondorioa da, nire ustez, jasotzen duguna.

P.K.: Gure kantuek herriaren zauriak, minak eta arazoak azaltzen dituzte, eta, urteak pasa ahala, zoritxarrez, min horiek ez daude sendatuta, eta, horregatik, belaunaldi gazteagoek ere gure kantuak sentitzen dituzte. Gauza batzuk konpondu dira baina ez dago dena konponduta. Euskara eta burujabetasuna bi ardatz izan dira nire bizitzan, eta arlo horietan oraindik lan asko dugu egiteko, baina bide onean goazela esango nuke.

Peio Ospital: "Gaur egungo belaunaldiak gureari dion errespetua ikaragarria da"

Erreferenteak zarete, eta gazte askorentzako ere bai; zer deritzozue?

P.O.: Gaurko belaunaldiak gureari begira duen errespetua ikaragarria da. Egin ditugun kolaborazioak edo elkarlanak dira horren erakusle. Ohargarria zait gaurko belaunaldiak gureari begira duen errespetua.

P.K.: Fermin Muguruzak ere esan izan digu gure garaiko musikariok euren belaunaldikoei bidea zabaldu geniela.

Bergarara itzuliko zarete, 1971ko kontzertua gogoan.

P.O.: Hegoaldean egin genuen lehenengo kantaldia izan zen. Joxemari Iriondok deitu zigun kantaldirako, eta Irala zineman izan zen. Loiola irratiko esataria zen Iriondo garai hartan, eta haren saioetan ezagutarazi zituen gure kantuak. Harrituta geratu ginen zenbat jende bildu zen kantaldi hartan. Gogotsu gaude Monzonen herrira itzultzeko.

P.K.: Plazera dugu berriz Bergarara itzultzeko. Maiteko nuke orduko kantaldian egon zirenak nola zahartu diren ikustea.

Pantxoa Karrere: "Monzonek idatzi zizkigun kantu guztiek arrakasta handia izan dute"

Garrantzitsua izan zen Monzon zuentzako; zergatik?

P.K.: Asko ikasi dugu harekin, eta gure ibilbidean garrantzi handia du, nahiz eta bospasei kantu bakarrik diren berak idatzitakoak, baina denak izan dira oso-oso arrakastatsuak.

P.O.: Haren kantuak kantatzearekin omenaldia egiten zaio. Monzonen mezuan nik bi ardatz azpimarratuko nituzke: alde batetik, euskara, hizkuntza; Bai euskarari kantua, horren erakusle. Eta beste ardatza, elkartasuna. Batasuna izena eman zion kantuari, baina geroago esan izan zigun agian Elkartasuna izena beharko zuela.

Noiz ezagutu zenuten elkar?

P.O.: 1968an; 20 urte genituen orduan, eta Iparraldeko Amaia kultura taldeko kideak ginen Pantxoa eta biak. Ikastaroak eta hitzaldiak antolatzen genituen eta egun baten Monzon etorri zen hitzaldi bat egitera, eta gurekin geratu zen gero, lagunartean. Kantatzeko aukera izaten genuen halako bileretan, eta ordukoan ere hala egin genuen. Monzonek kantu batzuk idatzita zituela esan zigun eta, agian, elkarrekin zerbait egin genezakeela. Bada, handik gutxira, Itziarren semea kantuaren hitzak oparitu zizkigun, hark gustuko zuen Baigorriko jatetxe batean bilduta. Ondarroako Andoni Arrizabalaga gaztearen omenez egin zuen kantu hura.

Bilbon bukatuko da bira, baina aspaldi agortu ziren ia sarrera guztiak.

P.O.: Ikaragarria; ez nuen halakorik espero, Zetak taldeko produkzio-etxeak argi bazuen ere. Bigarren kontzerturako geratzen dira oraindik batzuk. Kantaldiz kantaldi eta urtez urte bizi izan duguna ospatzera noa kontzertu horietara.

P.K.: Harrituta nago ni ere salmentarekin, nahiz eta ikaragarria den jendeak betidanik adierazi izan digun maitasuna. Bat nator Peiorekin, kontzertu horiek ospakizunak dira niretako ere; baina ez dut nahi nostalgian murgilduko den kantaldiak izatea, baizik eta beste belaunaldi batzuei bidea zabalduko dietenak. Kontzertu horietan transmisio hori agertzea nahiko nuke.

Danae Riaño baxu jolea, Mixel Ducau gitarrista, Iñaki Dieguez eskusoinu jolea, Gorka Pastor teklatu jolea eta Josu Erbiti perkusio jolea; haiek izango dituzue taularen gainean lagun. Zer moduz ari zarete elkarrekin moldatzen?

P.K.: Ederto! Musikari onak izateaz gainera, jende umila da, eta plazera da haiekin taularen gaina partekatzea.

P.O.: Hala da, bai; goi-mailako musikariak dira eta ondo daki bakoitzak zer egin behar duen, inor itzalean utzi barik, entseguetan argi erakusten duten moduan; gure eginbeharra da ahotsa zaintzea ondo kantatzeko. Lan handia egiten ari gara bai zaleak eta bai gu agur-birarekin gustura geratzeko.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak