Oxirondo izango da sanmartinetako jai gune nagusia

Julen Murua Mesonero 2026ko uztailaren 23a

San Martin plaza obretan. Argazkia: Bergarako Udala.

Herriko Plazako obrak direla eta, Oxirondora lekualdatuko dira San Martin jaietako txosnagunea eta oholtza nagusia.

Jaietako jarduera nagusiei jarraipena emateko helburuarekin, eta segurtasuna, irisgarritasuna eta jai giroa bermatuz, San Martin jaietako "ekitaldi nagusien erreferentziazko gunea" Oxirondo izango dela jakinarazi du Bergarako Udalak, herriko eragileekin eta udaleko sail ezberdinetako langileekin hala erabaki ostean.

Pentekosteetan egin bezala, txosnagunea eta oholtza nagusia Oxirondon kokatuko dira, eta han egingo dira plazan egin izan diren dantza txapelketa, kontzertuak, erromeriak eta txosnaguneko egitaraua. Feria ere Oxirondon izango dela jakinarazi du Udalak. "Salbuespen bakarra Bergarako Udal Musika Bandaren kontzertua izango da, frontoian egitea aurreikusten baita", gehitu du.

Ekintza nagusiez gain, suzko zezena eta Simon Arrieta pintura lehiaketako sari banaketa ere Oxirondon egingo dira.

Danborradaren erreferentziazko geldialdia

Lanak direla-eta, aurten ezingo da San Martin plazan ohiko geldialdirik egin. Hortaz, Udalak jakinarazi du "danborradaren erreferentziazko geldialdia" Oxirondon izango dela. Antzolatzaileak danborradaren ibilbidearen inguruko "azken xehetasunak" lantzen ari direla ere adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak