Pentekosteen jaien inguruko balorazio positiboa egin du Bergarako Udalak eragileekin egon eta gero. Aurten, San Martin plazako obrek eragindako lekualdaketek erronka berezia ekarri dute antolakuntzan, baina udalaren ustez, herritarren, eragileen eta elkarteen inplikazioari esker jaiak arrakastaz garatu dira.
Espoloiak San Martin plazak bete ohi duen funtzioa ondo bete duela uste du Udalak: "Espazio egokia dela erakutsi du jaiak ospatzeko; hala ere, San Martin plazak duen zentralitatea faltan sumatu da, eta horrek eragin du alde zaharra jaien dinamikatik neurri batean kanpo geratzea". Oxirondo guneak ere balorazio positiboa jaso du: "Bertan kontzentratutako jarduerek ondo bete dute aurreikusitako funtzioa, nahiz eta hobekuntzarako aukerak ere antzeman diren. Horretarako, Udalak azokako eragileekin eta inguruko bizilagunekin bildu eta
ebaluazio saioak egin ditu, jasotako ekarpenak kontuan hartuz, bereziki datorren San Martin jaiei begira". Bestalde, sskaintza musikal guztia Oxirondon biltzeak ere "erronka berriak ekarri ditu". Horren harira, "Udalak eta Xaxau Konpartsak elkarlana estutu behar izan dute, eta egindako lankidetzaren balorazioa oso positiboa" dela adierazi dute, "harremanak sendotuta atera baitira prozesutik".
Eraso sexisten berririk ez
Jaietan eguraldia ere erronka garrantzitsua izan dela adierazi dute udal ordezkariak. Euriari aurre egiteaz gain,
bero handia ere kontuan hartu beharreko faktore bihurtu dela azpimarratu du Udalak, "etorkizuneko ospakizunetarako hausnarketa gisa".
Bestalde, jaiak giro baketsuan igaro direla azpimarratu du Udalak, eta erakundeak ez duela eraso sexisten berririk jaso adierazi. Herritarren eskutik jaso den sentsazioa ere, oro har, positiboa izan dela nabarmendu dute.
Azkenik, Udalak eskerrak eman nahi dizkie "Pentekosteen jaiak posible egin dituzten herritar, elkarte, eragile, boluntario eta udal langile guztiei, erakutsitako konpromisoagatik eta lankidetzagatik". Aurten bizitako esperientziak etorkizuneko jaien antolakuntza hobetzeko balioko duela adierazi dute.
.