Greba mugagabea abiatu dute IATko langileek

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko uztailaren 13a

IATko langileek gaur goizean egin duten mobilizazioa.

Iragarri zuten moduan, greba mugagabeari ekin diote Itasua Ibilgailuen Azterketa Teknikoko Bergarako langileek, Zarauzko langileekin batera. Gaur goizean ere mobilizazioa egin dute lantokiaren aurrean. 

Bergarako eta Zarauzko Ibilgailuen Azterketa Teknikoak kudeatzen dituen Itasua enpresako lan-zentroetan 50 langile inguruk egiten dute lan eta joan den ekainaren 29tik greba-dinamika batean daude. Hala, orain arte egindako hiru greba egunen ostean, greba mugagabeari ekin diote gaur, astelehena. 

Gipuzkoako beste IATetako enpresetako lan-baldintzekiko parekatzea bilatzeko asmoz hasi zuten greba-dinamika. "Izan ere, besteek baino 133 ordu gehiago egiten dituzte lan urtean eta 2.000 eta 8.000 euro arteko soldata txikiagoak dituzte haiekin alderatuta", azaldu dute ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek.

Sindikatuek kritikatu dute enpresak negoziatzeko borondaterik erakutsi ez izana, eta, horren ordez, greba eskubidea urratu izana. Ondorioz, zuzendaritzari eskatu diote "benetako negoziazioari ekiteko". Lan harremanetarako kontseiluaren bidez, bilera eskatu diote enpresari eta uztailaren 23an, eguena, batuko dira bi aldeak, arazoari irtenbidea ematen saiatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak