Elorzak azaldu duenez, muntaian eta elkarretaratzean jendea egon zen, eta egubakoitzean, egitaraua hasi zen unetik ere jende pila joan zen Munibera: "Zenbait unetan eskaerei ezin erantzunda ibili gara". Egitarauko musika emanaldiak, domekako Antton Telleriaren eta Asier K umoristen Hondamendia ikuskizuna eta martitzeneko bertso-emanaldia nabarmendu ditu. Emanaldi horretan, hainbat herritarrek hartu zuten parte haiek bizi izandako "hondamendiak" kontatu, baina aldi berean, horietaz barre egiteko.
"Oso eskertuta eta gustura" dago Elorza, herrian Oxirondokoa ez den beste jaigune bat sortu dutelako: "Alternatiba izan da eta herritarrek oso ondo hartu gaituzte. Oso gustura egon dira, beste urteetan bezala". Hala ere, adierazi du Munibe plazako gunea "bakartuta" geratu dela, Oxirondon jaigune "oso-oso potentea" sortu dutela iritzita: "Hori horrela izatea Udalak ahalbideratu du. Hala ere, ondo baloratzen dugu traba guztien gainetik aurrera egin dugula eta herritar asko gurekin egon direla prozesu horretan. Hemendik aurrera ere edozein oztoporen aurrean borrokan jarraituko dugu, eragile orok txosna hartzeko eskubidea izan dezan".

