Gazte zein heldu elkartu dira frontoian, Bergara Hiria txapelketako irabazleak ezagutzeko

Julen Murua Mesonero 2026ko maiatzaren 26a

Atzo, astelehena,18:30ean hasi eta hiru final jokatu zituzten aurtengo Bergara Hiria txapelketari bukaera emateko. Helduek bai, baina gazte kuadrillek ere bete zuten frontoia.

Emakumezkoetan, Zabaleta eta Gamindek lortu zuten txapela, Aldai eta Bergarari 22-10 irabazita. Une oro kontrolpean izan zuten partidua Zabaletak eta Gamindek, eta Aldaik eta Bergarak tanto gutxi batzuk takadan egin bazituzten ere, txapela lortzetik oso urruti izan ziren. Bergarak etxean jokatuta, nabarmentzekoa izan zen gertukoenen partetik jasotako babesa. Promes mailan, Ramirez eta Ormaetxea nagusitu ziren Madinaren eta Etxeberriaren aurka (22-19). Bazirudien Ramirez eta Ormaetxea aise gailenduko zirela –12-2 aurretik izan ziren–, baina Madinak eta Etxeberriak hortzak estutu zituzten, eta markagailua berdintzea ere lortu zuten partida bukaera aldera (19-19). Azkenean, Ramirez-Ormaetxea bikoteak partida hasierako jokoari eutsi eta txapela lortu zuten. Azkenik, nagusien partiduan, Irribarriak eta Balerdik 22-17 irabazi zioten Arribillagari eta Sotili. Arratsaldeko partidu luzeena izan zen –ordu bete pasatxo ibili ziren jokoan–, eta partida hasiera lehiatu baten ostean, txapeldunek markagailuan tartea handitzea lortu bazuten ere –17-11 joan ziren–, Arribillagak eta Sotilek ez zuten amore eman. Lortu zuten markagailuko tartea lau tantoraino murriztea, baina alde horri eutsi zioten Irribarriak eta Balerdik, txapela lortu arte. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak