Iaz onartutako Jaietarako Protokoloarekin aurrera egin du Udalak, eta aurten, klausula bat txertatu dute jaietako kontratu gehienetan —kontzertuetan, zezen plazan, txosnagunean eta barraketan—. Klausula horren bidez, antolatzaileek indarkeria matxista prebenitzeko protokolo propioa izan beharko dute, edo bestela, Udalaren protokoloa betetzea bermatu. Era berean, protokoloaren laburpena herriko tabernetan banatuko dute, "informazioa ahalik eta gehien zabaltzeko eta eragile guztien inplikazioa sustatzeko". Eta zezenzaleekin ere prestakuntza saio bat egin da, sektore guztietan prebentzioa eta sentsibilizazioa indartzeko asmoz.
Lanketari dagokionez, Udaletik autodefentsa feminista tailerra bideratu diete Xaxauko protokoloaren arduradunei eta Oineztuko kideei. Saio horretan, "indarkeria matxistari aurre egiteko estrategia komunitarioak" landu dituzte, komunitatean oinarritutako "erantzun eraginkorrak" garatzeko.
Xaxauk protokolo propioa
Bestalde, Xaxau elkarteak bere protokolo propioa aplikatuko du txosnagunean, eta arreta gunea jarriko du azokan, informazioa, laguntza eta babesa eskaintzeko. Oneztuak izeneko Bergarako neska gazteen talde feministak, ostera, bideo bat zabaldu du, jaietan indarkeria matxista ez dutela onartuko aldarrikatuz, eta uneoro egongo direla erasoei aurre egiteko eta erantzuteko prest azaltzeko.
Herri osoaren konpromisoa
Udalak nabarmendu du "herri osoaren konpromisoa ezinbestekoa dela jai seguruak eta
askeak bermatzeko", eta horregatik dei egiten du errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jai giroa eraikitzera.