Udalak antolatutako egitarauaren baitan, Matxiategiko aparkalekuan jarriko dituzte ohiko feria-postuak; guztira, 23 etxola eta atrakzio. Barrakak egunero irekiko dira, 11:30ean, eta itxiera-ordutegiak aldatu egingo dira egunaren arabera: jaietako egubakoitzetik astelehenera bitartean 03:00ak arte egongo dira zabalik; martitzenean, 01:00ak arte; eta jaieguna ez den gainerako egunetan, aste barruan 20:00etan itxiko dira eta egubakoitzean eta zapatuan, 22:30ean.
Udalak gaineratu du arreta berezia eskainiko diola feria-guneko zarata-mailari: ez da musika edo soinu zaratatsurik baimenduko 14:00etatik 16:30era bitartean, ezta egubakoitzeko eta zapatuko 01:30etik aurrera ere. Azaldu dutenez, feriako arduradunek eta langileek erabateko lehentasuna emango diete premia bereziak dituzten haur eta gazteei.
Prezioei dagokienez, bidaia bakoitza 2,80 eurokoa izango da, eta 5 bidaiako bonuak ere erosi ahal izango dira, 10 eurotan. Haur Eguna maiatzaren 25eko (astelehena) goiza eta maiatzaren 27 (eguaztena) osoa izango da, eta egun horietan bidaia bakoitzak 1,50 euro balioko du.
Haurrentzako guneak
Haur eta gazteentzako gune ezberdinak izango dira jaietan. Oxirondoko txosnagunea ez da gazte zein helduentzako gune soilik izango; gazteenei ere zuzendutako ekintzak antolatu ditu Xaxauk. Besteak beste, Pin-Txo-Txef haurrentzako sukaldaritza erronkaz eta Potx eta Lotx pailazoen ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. Astelehenean, maiatzaren 25ean, 17:30ean izango da 8 urtetik gorakoentzako Pin-Txo-Txef erronka, eta bertara joaten denak haurrek kozinatutako pintxoak dastatzeko aukera izango du. Martitzenean, maiatzaren 26an, Potx eta Lotxen Lagunekin topa! ikuskizunarekin agurtuko dituzte aurtengo Pentekosteak.
Urteroko guneak ere mantenduko dira aurten. Umeen eta Helduen Egunean, maiatzaren 26an, jolas-parkea izango da, 11:00etatik 14:00etara, Ipintza II-ko patioan. Ihes-gela, berriz, maiatzaren 23an eta 24an izango da aurten, Seminarixoan. 16:30ean hasita, 30 minutuko bost saio izango dira. 9-14 urte bitarteko hamar pertsona egon ahalko dira saio bakoitzean. Txanda bakoitzeko izen-ematea zabalik dago, Bergarako Udalaren webgunean, hilaren 17ra arte.
Zapatu erraldoia
Maiatzaren 23an, zapatua, protagonismo handia hartuko dute Bergarako zein Euskal Herri osoko hainbat txokotako erraldoiek. Bergarako Erraldoi Taldeak dianarekin hasiko du eguna. 12:30ean, Ariznoa plazatik eta Toki Ederretik Espoloira kalejira egingo dute Trapagarango Danetarako Danok konpartsak eta Pasaiako erraldoien konpartsak. 18:15ean, bi taldeei Amarako Konpartsa eta herriko erraldoi taldea batuko zaizkie kalejiran eta dantzan. Aurten, baina, berrikuntza batekin datoz erraldoiak: Erraldoien gonazpiko abentura ekarriko dute. Herritarrek erraldoiak barrutik zelakoak diren ezagutu ahal izango dute; eta, agian, erraldoien barrutik dantza egiteko aukera izango dute. Erraldoien gunea Espoloian jarriko dute, eta erraldoien eta gomazko erraldoien erakusketa egongo dira ikusgai.