Baltsa-jaitsiera eta Olinpiadak, Kuadrilla Egunean falta ezin diren ohiko bi hitzordu

Olaia Milikua 2026ko maiatzaren 19a

Bi talde iazko baltsa-jaitsieran. (Argazkia: Goiena)

Maiatzaren 25ean izango da aurten Pentekoste jaietako Kuadrilla Eguna, eta ez dira Baltsa jaitsiera eta Olinpiadak faltako. Jaitsiera 11:30ean hasiko da, eta Olinpiadak 12:30ean. Bi ekitaldietako giroa, kolorea eta emozioa zuzenean emango ditu Goienak. 

Hamabi urtean antolatu gabe egon ostean, 2024an Xaxauk baltsa-jaitsiera berreskuratu zuen. Orduz geroztik, urteroko zita da Pentekosteetako egitarauan. Aurten, maiatzaren 25ean egingo da, 11:30ean, eta parte-hartzaileek autobus-geltokiko zubi azpian abiatuko dute jaitsiera, Usondoraino.

Parte hartuko duen talde bakoitza gehienez 4-5 lagunek osatuko dute; adin-mugarik ez dagoen arren, 16 urtetik beherakoak guraso edo tutore legalaren laguntzarekin jaitsiko dira, eta 16-18 urte bitarteko gazteek heldu baten baimena beharko dute baltsa-jaitsieran parte hartzeko; parte-hartzaile guztiek erantzukizun-baimena sinatu beharko dute.

Materialari dagokionez, urtero bezala, Xaxauk oinarrizko hainbat baliabide emango ditu: poltsa flotagarriak, brida batzuk eta sokak. Horrez gain, talde bakoitzak nahi beste material erabili dezakeela adierazi du Xaxauko kide Andrea Gonzalezek: "Betiere, kontuan hartuta errekan gelditzen den guztia jaso egin behar dela".       

Herriaren erantzun positiboa

Aurreko urteko edizioaren balorazioa erabat positiboa izan zen, eta, antolatzaileen aurreikuspenaren arabera, aurten ere herritarren erantzun positiboa espero da. Hamabost baltsak hartuko dute parte, eta ikusle asko espero dituzte. Andrea Gonzalezek bergarar guztiak gonbidatu ditu zubietatik edota edozein bazterretatik baltsetan Usondora jaitsiko diren herrikideak animatzera.

Musika lagun

Iaz egin bezala, eta Udalak antolatuta, aurten ere txaranga batek animatuko du jaitsiera. Horrela, parte-hartzaileek eta ikusleek modu atseginagoan biziko dute ekimena.

Errekatik zezen-plazara

Baltsak Usondon aparkatu ostean, bergararrek zuzenean zezen-plazarako bidea hartu ahal izango dute, bertan izango baita Pentekoste jaietako beste hitzordu klasiko eta girotsuenetako bat: hamaseigarrenez egingo diren Kuadrillen Arteko Olinpiadak. Urtez urte herritar ugari elkartzen dituen ekitaldia 12:30ean hasiko da, eta aurten ere kuadrilla ugarik parte hartzea eta jai giro aparta egotea espero da.

Kuadrillek askotariko probetan neurtuko dituzte indarrak; abiadura, trebetasuna, oreka eta koordinazioa ezinbestekoak izango dira, baina baita umorea ere.

Ikusleak ere gozatzeko aukera paregabea izango du. Adin guztietako herritarrentzat egokia den ekitaldiak, urtero bezala, jendetza erakartzea espero dute antolatzaileek, eta animo-oihuek eta kuadrillen arteko saltsak festa giro paregabea sortzea. 

Goienak jarraipena

Bi ekitaldiak zuzenean jarraitzeko aukera emango dute goiena.eus atariak eta baita Goiena telebistak ere. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak