Zezen-ikuskizunek ez dute hutsik egingo Pentekosteetan, zaleen gozamenerako

Gontzal Belategi Zubia 2026ko maiatzaren 19a

Errekortadore bat zezenaren aurrean, iazko Pentekoste jaietan.

Bigantxek, errekortadoreek eta olinpiadek hartuko dute beste urte batez zezen-plaza. Bergarako Zezenak ganadutegiak abere guztiak hil behar izan zituen iaz, tuberkulosi kasu baten ondorioz, eta aurten "konfiantzazko" lau ganadutegitatik ekarriko dituzte zezenak.

Ezohiko Pentekosteak izango diren arren, aurtengo egitarauan aldaketa gutxi jasoko dituen elementuetako bat zezen-ikuskizunak izango dira. Ohi bezala, zezen-plazak ateak irekita izango ditu Bergarako zezenzaleentzat, dagoeneko ohiturazko bilakatu diren ikuskizunekin.

Zazpi ikuskizun

Hilaren 23an irekiko dute zezen-plaza, 18:30ean egingo den errekortadoreen erakustaldiarekin. 24an berriz, bigantxek irekiko dute egitaraua, 08:00etan. Eguneko hurrengo ikuskizuna 18:30ean hasiko den errekortadore txapelketa izango da. Hurrengo egunean, hilak 25, Kuadrillen arteko XVI. Olinpiadak jokatuko dira, 12:30ean, eta gaztetxoei bideratutako bigantxak izango dira 18:30ean. Hilaren 28an itxiko dute zezen-plaza. Egun horretan ere bigantxekin hasiko da egitaraua, 08:00etan, eta gaztetxoentzako zezenak, zezentxoak eta poneyak izango dira 18:30ean.

Bergarako Zezenak taldeko Iñigo Almorzak azaldu duenez, ekitaldi horien artean egongo den berrikuntza nabarmenena bigantxen ordutegia da: "Berrikuntza handiena goizeko bigantxen ordutegia izango da. Aurten, 09:00etan beharrean 08:00etan izango dira. Herritarrek aspalditik eskatzen zuten zerbait da, eta aurten, txosnekin elkarlanean, horrela egitea erabaki dugu". Bigantxak hasi arteko tartea luzeegia zela dio: "Txosnen itxieratik 09:00ak arteko tarte hori luze egiten zela esan ziguten".

Bestealde, aurten, kuadrillen arteko olinpiadetan ere sarrera kobratzeko erabakia hartu da. Horrenbestez, gainontzeko zezen-ikuskizunen gisara, 3 euro ordaindu beharko da zezen-plazara sartzeko. "Erabaki honen arrazoia da azken urteetan, jarduera doakoa izanik, zezen plazarako sarreran ilara luzeak, urduritasuna plazan sartzeko eta egoera desatseginak bizitzen ziren. Gainera, aforoa behar bezala kontrolatzea zailtzen zuen", azaldu dute udal ordezkariek.

Kanpoko zezenak

Tuberkulosi kasu baten ondorioz ganadutegiko abere guztiak hil behar izan zituen Almorzak iaz. "Aurreko urtean animalia guztiak hil zizkiguten, eta ez dakigu aurtengo jaietako egunen batean gure abereren bat eramateko gai izango garen". Abere berriak ekartzeko arazoak dituztela gaineratu du: "Abereak erosteko arazoak izaten gabiltza. 90 hil genituen, eta, momentuz, 40 bakarrik ekarri ditugu. Legediak ez du hori erraz jartzen".

Hala ere, "konfiantza handiko lau ganadutegi" arduratuko dira Pentekosteetara zezenak ekartzeaz. Errekortadoreentzako zezenak lortzea zaila den arren, ikuskizuna bermatzea lortu dutela azpimarratu du: "Ibili gabeko zezenak izan behar dute, hiru urtean geldik egon direnak, eta ez da erraza izaten lortzea. Gertuko dugun ganadutegi bati esker lortu ditugu".

Herri zezenzalea

Bergararen zezenzaletsuna nabarmendu du Almorzak: "Jendeak zezen-plazara joateko ohitura handia du. Gutxi gorabehera, 8.000 pertsona pasatzen dira bertatik". Jendea kanpoan gelditzen dela ere esan du: "Arazoetako bat jendea kanpoan gelditzen dela da. Zezen-plazak duen edukiera du, eta, handiagoa ekartzea pentsatzen gabiltzan arren, momentuz, ezin da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak