San Martin plaza izan da, urte luzez, Pentekoste jaiei hasiera emateko gunea. Plaza hartan mila aldiz ikusi diren irudiak dira txupinazoarena, Bitorianatxoren jaitsierarena, musikarena, saltoena, irribarreena, adrenalinarena, koloreena... Herritarrak mila eta bat aldiz emozioz bete dituzten irudiak, nola ez.
Aurten, San Martin plazako lanek ezinezko bilakatu dute irudi horiek errepikatzea. Hala ere, obrek ez dute jaien hasiera oztopatuko, eta, beste atrezzo batekin bada ere, zerrendatutako betiko elementu eta emozio guztiek hor jarraituko dutela bermatzeko lanean ibili dira jai batzordeko herritar guztiak. Horrenbestez, bergararrek txupinazoaz eta Bitorianatxoren jaitsieraz ohiko jai giroan gozatzeko aukera izango dute.
Oxirondo abiapuntu
Maiatzaren 22an, 20:00etan, hasiko dira ofizialki Pentekoste jaiak. Hasiera ahalik eta borobilena emateko aukeratu duten lekua Oxirondon egongo den oholtza nagusia izango da. Bertan izango dira txupinazoa eta, nola ez, Bitorianatxoren jaitsiera. Bergarako Udalak azaldutakoaren arabera, lehen unetik izan zuten argi aurten ere Bitorianatxok ez zuela hutsik egingo: "Ezohiko bidaia izango da Bitorianatxorentzat aurtengoa, baina, Bergarako jaietako ikur nagusietako bat izanik, Udalak argi izan du aurten ere Bitorianatxo ez dela faltako".
Jaiak hasteko ezinbestekoa den pertsonaia horren ezohiko bidaiak Santa Marinako kanpandorrean izango du abiapuntua. Bergarako Udaleko Kultura teknikari Zaloa Bernalek azaldu duenez, Bitorianatxoren helmuga, berriz, Oxirondoko oholtza bera izango da: "Obrak direla medio, jaietako ekintza nagusiak mugitu egin behar izan ditugu. Hasteko, adibidez, Oxirondon egongo da oholtza nagusia. Bitorianatxoren tirolinaren bukaera, jaiei kaixo esateko balkoia, oholtza hura izango da".
'Gurpilduna' eta 'pedalduna'
Bitorianatxoren jaitsieraz gain, txupinazoa da Pentekosteen hasiera ezaugarritzen duen beste elementuetako bat. Aurten, gurpilen eta pedalen itxura hartuko du horrek, Lokatza Ziklismo Eskolak botako du eta. Izan ere, 50. urtemugan murgilduta daude ziklismo eskolako kideak, eta jai batzordeak proposamena haiei egitea erabaki zuen. Pozik eta harrituta dago Lokatzako kide Martin Etxeberria: "Sorpresa hartu genuen proposamena jaso genuenean. Eskertzen diogu jai batzordeari eta Udalari gurekin gogoratzea. Bergarako jaietan halako ardura izatea garrantzitsua da".
Bitorianatxo egun batez
Leku-aldaketa ez da izango Bitorianatxoren jaitsieraren baitan egongo den berrikuntza bakarra: aurten, 90 herritarrek egun batez Bitorianatxo izateko aukera izango dute, Emozioen tirolina izeneko ekintzari esker. "Bitorianatxoren jaitsiera lehen pertsonan sentitzeko aukera eskainiko da", azaldu du Udalak. Maiatzaren 26an izango da, eta 11:00etatik 14:00etara bitartean 10 eta 16 urte bitartekoek egin ahal izango dute jaitsiera; 17:00etatik 20:00etara, berriz, 16 urtetik gorakoek. Parte hartzeko, izena eman beharko da, domeka baino lehen, www.bergara.eus atarian. Zozketa egitea beharrezkoa baldin bada, maiatzaren 18an egingo dute, 12:00etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.