Herri kirolek ere lekua izango dute Pentekosteetako azken egunean

Koldo Zubia Salas 2026ko maiatzaren 21a

Iaz, auto bat erditik moztu zuen 'Bihurrik'; aurtengoan bestelako erakustaldia prestatu dute.

Pentekosteetako azken egunean, hilaren 26an, herri kirolarien ohiko erakustaldiak ere ez du hutsik egingo. Hiru ataleko erakustaldia prestatu dute antolatzaileek.

Lehengoan, aizkolariek hainbat proba gainditu beharko dituzte: abiadura-proba, zutikakoa, esku bakarrarekin, kolpeka eta aitzurra; Hodei Ezpeleta, Mikel Agirre, Xabier Zaldua eta Ernesto Ezpeleta Bihurri ariko dira lan horretan. Harri-jasotzen Ainhize Zumeta ariko da, eta Ainhoa Larrinoak, berriz, txingak eramango ditu. Haiekin batera, eta erakustaldiaren lehen zatia amaitzeko, Iparraldeko jokoak ikusi ahalko dira, Karlos Aretxabaletaren eskutik: lasto-altxatzea, lasto-botatzea eta ingude-jasotze erronka: Larrinoa, Aretxabaletaren aurka.

Bigarren atalerako, bi hirukoteren arteko erronka antolatu dute: aizkoran, txinga-eramaten, trontzan eta korrikan ariko dira. Azkenik, hirugarren atala, motozerra-proba izango da.

"Askotariko" probak

Bihurrik azaldu duenez, "askotariko" probak prestatzen saiatzen dira, eta nobedadeak ere bai. "Bergaran urtero jende pila egoten da gu ikusten, probak estuak eta politak izaten dira, eta horrek ere erakartzen du jendea", esan du Bihurrik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak