Jada bost edizio beteko dituen Kale Blok Topaketa Bergarako Udalarekin batera eskalada sustatzeko garatutako ekimenen baitan kokatzen da. Maddi Mujika antolatzaileak azaldu duenez, herriko zenbait gune eskalatzea da funtsa: "Lagun batzuek kalejira moduko bat egingo dugu; monolitoa, eraikinak eta kalean dauden bestelako estrukturak eskalatuko ditugu". Aurreneko edizioak txapelketa moduan planteatu bazituzten ere, lagun arteko topaketa baten aldeko apustua egin dute, parte hartzaileen aniztasuna bermatzeko. "Gune bakoitzean eskalatzeko bi edo hiru bide jarriko ditugu, maila guztietako eskalatzaileentzat; merezi du lotsa alde batera utzi eta animatzea", amaitu du Mujikak. Parte hartzaile guztiek kamiseta bana jasoko dute opari, eta zozketa bat egingo dute.