Jaigune berriz beteko dira Pentekosteak, San Martin plazako lanen eraginez

Gontzal Belategi Zubia 2026ko maiatzaren 18a

Oxirondo azokako aparkalekua, Ariznoa plaza eta Espoloia.

Oxirondon jarriko du Udalak jaigune nagusia, eta Xaxauren txosna ere bertan egongo da. Horrez gain, Ariznoa plazan eta Espoloian ere izango dira jaiguneak. Mugimendu Sozialistak, berriz, Munibe plazan jarriko du txosna aurten

San Martin plazako lanek Pentekosteen antolaketa-lanak hankaz gora jartzea ekarri dute. Udalak eta jai batzordeak jaigune gehienak birplanteatu behar izan dituzte, baina, egin beharreko egokitzapen guztiak eginda, bergararrek ez dute inolako arazorik izango beste urte batez jaiez gozatzeko.

Barne-antolaketa berezia

Udal ordezkariek azaldu dutenez, lehen unetik izan ziren lanek eragin handia izango zuten jakitun, eta horrek hainbat aukera baloratzera eraman zituen, beharrezkotzat jotzen ziren faktore guztiak beteko zituen leku baten bila: "Hainbat aukera baloratu dira, non jai giroa bermatu, jaien izaera mantendu eta bizilagunen ongizatean pentsatu den". Guneen bilaketa horretan Udaleko sail batzuk eta jai batzordea hartu-emanetan izan direla nabarmendu du: "Jai batzordearekin batera kontrastatutako aldaketak izan dira. Berrantolaketa nahiko handia izan da, eta, udal barruan, zerbitzuen arteko koordinazio-lan sakonagoa eskatu du".

Jaigune nagusia hartuko duen Oxirondo azokako aparkalekua.

Hiru gune berri

Azkenean, hiru gune berri izan dira aukeratuak: Ariznoa plaza, Espoloia eta Oxirondo azokako aparkalekua. Hiru guneak ez dira ausaz aukeratuak izan, eta jai-giroa mantentzeko eremu zabalak direla nabarmendu dute: "Pentekosteetako jai-giroa mantendu eta jaien izaera errespetatzeko aukera ematen zuten. Espazio zabalak dira". Modu horretan, San Martin plazako lanek espazio berriak probatzeko aukera eman dietela nabarmendu dute: "Aldaketa horiek beste espazio batzuk probatzera garamatzate, bestela probatuko ez genituzkeenak". Gune berrien artean, Oxirondo da aipagarriena, bertan jarriko baita jaietako gune nagusia, eszenatoki nagusia barne.

Ariznoa plazan herri kirolak eta 'Erraldoien gona azpiko abentura' izango dira.

Xaxaurekin bateratuta

Oholtza nagusiko berrikuntzen artean ez dago kokapena soilik. Aurten, Xaxauren txosnagunea ere bertan jarriko dute, eta biak bateratu. Berez, erabakia arrazoi teknikoengatik hartu zuten: "Oholtza nagusia Oxirondora mugitzeak eragina zeukan Bideberriko txosnagunean, soinu-gainjartzeagatik. Horregatik, dena bateratzea adostu da, eta kontzertu-gune bat zehaztea". Harremanak onak izan direla azaldu dute: "Xaxaurekin harremanak maiztasun onez izan dira, eta egokiak. Eurentzat ere erronka bat da, eta gune interesgarria sortu daitekeela uste dugu, berezia eta bakarra".

Antolaketari dagokionez, oholtza nagusia azokaren aldean egongo da, Usondorantz begira, inolako estalperik gabe. Aparkalekuaren beste aldean Xaxauren karpa egongo da, eta hark oholtza errepidearen aldera izango du, elizara begira. Oholtzaren atzean kamerino bat izango dute, bertara igoko diren artistentzat. Txosnak ere ez dira faltako Oxirondoko gunean, eta elkarrekin funtzionatuko duten bi barra izango dira eliza aldean.

Musika Bandaren kontzertua eta Bakailao Lehiaketa jasoko dituen Espoloia.

Bizilagunekin harremanetan

Udal ordezkariek azaldu dutenez, Oxirondoko bizilagunekin ha- rremanetan izan dira, hartutako erabakien berri emateko. Hartu-emanak emankorrak izan dira, eta egoera elkarrekin lantzeko aukera izan dute: "Auzotarrak oso ulerkorrak izan dira. Egoera ondo eta lasai azaltzeko aukera izan dugu, eta euren kezkak landu ahal izan ditugu: zarata eta garbitasuna". Bi aspektuetan esku hartuko dute: "Neurriak hartuko dira bi zentzutan: ordutegia bereziki adostu da Xaxau konpartsarekin, eta garbitasun eremua zabaldu egin da atari azpietaraino".

Alternatibarik gabeko aldaketa

San Martin plazako lanek bete-betean eragin diote Mugimendu Sozialistak bertan jarri ohi zuen txosnari. Munibe plaza izango dute aurten aterpe, baina, mugimenduko kide Eider Elorzak azaldu duenez, ez dute beste aukerarik izan: "Txosna Munibe plazan jarriko dugu aurten, baina ez guk horrela nahi izan dugulako. Udalak plazan zegoen guztia berregituratu du, guk bertan genuen espazioa kenduta, eta ez zaigu beste aukerarik gelditu. Gainera, gaur-gaurkoz, ez dugu horretarako baimenik, eta, eskatu arren, ez digute inolako alternatibarik eman. Gure kabuz lortu dugu guztia".

Goienaren jarraipena

Maiatzak 22

  • 19:50 Txupinazoa eta Bitorianatxoren jaitsiera, zuzenean, Goiena.eus-en.

Maiatzak 25

  • 11:30 Baltsa-jaitsiera, zuzenean, Goiena telebistan eta Goiena.eus-en.
  • 12:30 XVI. Olinpiadak, zuzenean, Goiena telebistan eta Goiena.eus-en.
  • 20:00 eta 22:00 Jaiak saioa –lehen zatia– Goiena telebistan.

Maiatzak 26

  • 20:00 eta 22:00 Jaiak saioa –bigarren zatia– Goiena telebistan.
  • 22:30 Zartadia podcasta Goiena telebistan.

Maiatzak 27

  • 20:00 eta 22:00 Jaiak saioa, Goiena telebistan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak