Txapelketa antolatzen duten 28. aldi honetan, hiru torneo jokatu dituzte: gizonezkoetan, nagusiak eta promesak aritu dira –zortzi bikote–; eta emakumezkoetan, nagusiak bakarrik –lau bikote–.
Finalisten erdiak, erabakita
Txapelketan ari diren bikoteek KO erako torneoak jokatu dituzte; hau da, final laurdenak, finalerdiak eta, azkenik, finalak jokatu behar dituzte –emakumeek finalerdietan hasi dute txapelketa–. Bada, martitzenean hiru finalerdi jokatu zituzten –torneo bakoitzeko bana–, eta dagoeneko hiru bikotek lortu dute hilaren 25ean finala jokatzeko txartela. Emakumezkoetan, Aldayk eta etxean jokatzen ari den Arrate Bergarak lortu zuten sailkapena, Barrolari eta Mendizabali 22-14 irabazita. Gizonezkoen promes mailan ere bergarar bat finalean izango da; Aratz Ormaetxeak eta Ramirezek erraz irabazi zieten Salaberria anaiei (22-8). Azkenik, nagusietan, Irribarriak eta Balerdik lortu zuten txartela, Azketari eta Garmendiari 22-11 irabazita. Martitzenean jokatuko dira gainontzeko finalerdiak. Emakumezkoetan, Zabaletak eta Gamindek Salsamendiren eta Vertizen aurka jokatuko dute. Gizonezko promesetan, Madina-Etxeberria eta Izagirre-Figueroa bikoteak ariko dira; nagusietan, azkenik, Arribillaga-Sotil bikotea Fenandez-Elizegiren aurka.
"Maila handia dago txapelketan, eta pilotariak beti prest daude jokatzeko; pozik gaude", adierazi du antolakuntzako kide Julen Aramburuk.
Profesionalen partiduak ere bai
Bergara Hiria torneoaz gain, profesionalek ere hitzordua izango dute Bergarako Pentekosteetan. Jaien azken egunean, hilaren 26an, binakako bi partida ikusi ahalko dira Udal Pilotalekuan: alde batetik, Ander Murua arrasatearrak eta Xabier Erostarbek osatutako bikoteak Beñat Senarren eta Gorka Ugartemendiaren aurka jokatuko dute; bestetik, Beñat Rezusta bergararra eta Joseba Ezkurdia Martxel Iztuetaren eta oraindik zehazteke dagoen aurrelari baten aurka ariko dira –Unai Laso edo Iñaki Artola–.
Eskupilota jaialdia arratsaldeko bostetan hasiko da, eta sarrerak jada salgai daude, entradasfronton.com webgunean, 25 eurotik hasita.