Brigade Loco: "Oso berezia izango da, irrikaz gaude agertokitik herrikideak ikusteko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko maiatzaren 18a

Sevillako Zaleen Guneko kontzertuaren amaiera, apirilaren 18an. Argazkia: Brigade Loco.

Jaietako agertoki nagusian joko dute 'brigadetarrek' maiatzaren 22an, 22:00etan: "Oso berezia izango da. Irrikaz gaude agertokitik herrikideak ikusteko, aurpegi ezagun asko egongo dira; oso gogotsu gaude disko berriko abestiak euren aurrean jotzeko". 

Bide baten esanahia izeneko hirugarren lan luzea aurkezten dihardutela helduko da Brigade Loco Pentekosteetako kontzertu berezira; maiatzaren 22an joko dute, Oxirondoko agertoki nagusian (22:00). Ez da herriko jaietan joko duten lehen aldia izango, 2019ko ekainaren 1ean Bideberriko txosnetan jo zuten eta. "Aurten ere jaietako egubakoitzean joko dugu... Oso berezia izango da. Irrikaz gaude agertokitik herrikideak ikusteko, aurpegi ezagun asko egongo dira; oso gogotsu gaude disko berriko abestiak euren aurrean jotzeko. Gainera, guretzat oso bereziak diren kolaborazioak izango dira, besteak beste. Ez dugu gehiago aurreratuko", dio Arteagak.

Herriko jaietan emandako lehen eta azken kontzertua, 2019an, txosnetan. Argazkia: Brigade Loco. 

Pandemia 2020an, obrak orain

Bigarren lan luzea, Amets bati lotuta (2020), San Martin plazan aurkeztu nahi zuten. Taldeko baxu-jole Oier Aperribaik ondo gogoratzen du pandemiak eragindako kaltea: "Diskoa aurkezteko dena genuen lotuta. Besteak beste, Rotten XIII, Kaleko Urdangak eta Odolkiak Ordainetan lagunekin zerbait oso berezia egin nahi genuen, baina pandemiak dena bidali zuen pikutara. Hainbat eta hainbat disko eskuetan eta ezin aurkeztu... Ondo gogoratzen dugu, bai".

Hala ere, kontzertu hartatik sortu zen Ekinez jaialdia antolatzeko ideia. "Pandemiak kalte handia egin zigun une hartan, baina gerora sortu dira ekimen ederrak". Jaietako kontzertuak arantza kentzeko balioko duen galdetuta, honako hau erantzun du Aperribaik: "Baietz esatea izango litzateke politena, baina nire erantzuna ezezkoa da; Bergarakoa naiz eta egunen batean herriko plazan jo nahi dut, oso leku esanguratsua delako. Lehen saiakeran pandemia izan zen, bigarrenean obrak... Ea hirugarrenean lortzen dugun...".

2027an hamar urte egingo dituzte

2017an sortu zuten, eta Arteagak aitortu du hasierako ilusioari eustea ez dela erraza: "Ia 10 urte bete ditugu ia gelditu gabe, erritmo bizian. Urteen poderioz taldekideon betebehar pertsonalak aldatzen joaten dira, eta, talde bezala esperientzia hartzen zoazen heinean, musika-munduko alderdi argitsuenak bai, baina ilunenak ere ezagutzen goaz. Ez dugu ukatuko gorabeherak izan ez ditugunik, baina horren gainetik ilusioa nagusi da oraindik; are gehiago, azken hilabeteotan talde bezala bizi izan ditugun une berezi eta politak gogoratzen baditugu".

2027an taldeak hamar urte beteko dituela eta, "zerbait berezia" egingo dutela dio Aperribaik: "Urte berezia izango da, eta hori ere prestatu beharra dago. Aurtengo udan baditugu kontzertuak, baina deskantsatu ere egingo dugu. Irailetik abendura Europara ere egingo ditugu pare bat irteera, gainera".

Mexikotik, Sevillako "eromenera"

Aste Santuan Mexikon zehar egindako bira "taldearen amets bat" betetzea izan zela dio Arteagak: "Mexikon hamabost egunez egon ginen; sei kontzertu eman eta herrialdea alderik alde zeharkatu genuen. Oso esperientzia bizia izan da, bihotza bete digu. Taldearendako ere ona izan da hamabost egunez 24 orduz elkarrekin bizitzea. Beti egongo gara oso eskertuta Mexikon jaso dugun tratu humanoarekin".

Mexikotik heldu eta berehala joan ziren Sevillara, Kopako finaleko Zaleen Gunean jotzeko. "Eromena izan zen, Realzale eta musikari bezala bizitzako kontzertu berezienetako bat; oholtza gainetik ikusten genuen olatu txuri-urdin hura zorakeria hutsa izan zen. Aje emozional itzela izan genuen; oraindik ere eguneko argazki eta bideoak ikusterakoan hunkitu egiten gara". Une gozoan dira brigadetarrak, eta testuinguru horretan helduko dira Bergarako jaietara: "Norberaren herrian jotzea beti da berezia, beste xarma bat dauka. Beti esan izan dugu Brigade Locok ematen digun gauza ederrena dela kanpora irten eta lekuak zein jende berria ezagutzea. Gaur egun, bi taldekide gara bergararrak, baina Brigade Loco Bergarako taldea da eta izango da beti; taldekide guztiak gaude oso estuki lotuta Bergararekin. Oso berezia izango da, bai".

Bergarako beste proposamenak

Brigade Locoz gain, Bergarako beste zenbait proposamen ere izango dira jaietan: besteak beste, No Limits punk-oi! taldeek, musika urbanoa egiten duen DDX taldeek eta DJ Guti eta Felixin proposamenak etxean jokatuko dute. Gainera, musika bandak ere ez du hutsik egingo; maiatzaren 24an Espoloian joko dute (12:00).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak