Duela lau urte jarri zuen txosta lehendabiziko aldiz Pentekosteetan Bergarako Mugimendu Sozialistak: "Urtero txosna jarri eta jaietan gure ekarpena egitea lortu dugun arren, gure errealitatearen parte bilakatu dira azken egunera arte baimenik ez izatea, erantzun eza, bazterketa, materiala ez uztea, etab.". Orain arte, txosna plazan jarri dute, baina lanengatik plaza ez da erabilgarri egongo.
Udalaren jarrera salatu dute, Oxirondoko jaigunean ez daukatelako txosna jartzeko baimenik: "Aukera berdintasunetik oso urrun, interesatzen ez zaizkion proposamenak, ideia politikoak zein beharrak ditugun gainontzekoei, txosnagunean parte hartzeko aukera ukatzen digu". Gehitu dute, zozketa bidez kudeatu ohi den txosna ere ez dagoela erabilgarri: "Onartezina iruditzen zaigu Udalak, instituzio publikoa izanik, interes partidisten arabera erabiltzea baliabidea publikoak".
Herrian eragile ezberdinek eskubide berdinak dituzten txosnagune baten beharra aldarrikatu dute: "Lau urte hauetan jaien presentzia izan dugun arren, eta aurten ere, oztopoak oztopo, txosna izango dugun arren, guztiontzako txosnagunea izan arte borrokan jarraituko dugu".