Zeren inguruan hitz egiten duzu gutunean?
Nire alabari idatzitako gutun bat da. Eta hura jaio zenean sentitu nuen emozio zurrunbilo haren inguruan hitz egiten dut bertan. Orain dela lau urte idatzi nuen testua, eta, bigarren haurra jaiotzear zegoela, 3 urte zituen alaba nagusiari zuzendu nion testua. Hasiera batean, testua inori erakutsi gabe, barrenak hustea izan zen nire helburua.
Nola egokitu zenuen testua gutun formatura?
Gutun formatuak eragiten du, norbaiti zuzentzen zaion mezu bat izatera. Horrenbestez, alaban jartzen du arreta. Duela lau urte idatzitakoari xehetasun batzuk gehitu nizkion, baina testua jada landuta zegoen. Sariarena ezustekoa izan zen; lagun batek besterik ez zekien gutuna bidali nuela.
Testua berriz lantzean, nolakoa izan zen duela lau urteko zurrunbilo haiek berriz gogoratzea?
Ezinbestekoa. Nire alabaren lehen urteak gogorrak izan ziren niretzako. Nekea, lo gutxi. Aldi berean, haren aurrerapausoak ikustea oso pozgarria izan zen, baina niretzako ez zen une erraza izan. Testua berriz moldatzean, berriro ere gogoratu nintzen horretaz, eta oso presente ditut une haiek. Laguntzen dit ikusten orain beste toki batean nagoela. Jada 7 urte ditu nagusiak, eta 4 gazteenak. Ikusten dut berreskuratzen ari naizela nire aisialdirako denbora, lagunekin eta bikotearekin ere denbora igarotzeko tartea. Hala, orain esan dezaket bizitzako beste momentu batean nagoela; poliki-poliki beste trantsizio fase batera heltzen ari naizela.
Zer aurkitu zenuen sormen-prozesu hartan?
Askatzeko modu bat izan da. Une hartan, 2021eko irailean, behar nuen zerbait: nire emozioak kanporatzea. Eta, egia esan, beste pauso bat izan da sari banaketan jendearen aurrean irakurtzea eta barrenak hustea. Hasiera batean, niretzako idatzi nuen testua, eta balio dit atzera begiratzeko eta baita bizitakoa gogoratuz aurrera egiteko ere.
Gutuna ez zenuen idatzi Amodiozko Gutunen Lehiaketara aurkezteko. Nolatan hori?
Orain dela lau bat urte idatzi nuen gutuna, amatasunean nengoela. Hasierako urteak gogorrak egin zitzaizkidan, eta behar nuelako idatzi nuen: nik, niretzako. Joan den urtean pentsatu nuen Amodiozko Gutunen Lehiaketara aurkezteko bezalako lan bat izan zitekeela. Ez zidan denborarik eman, eta aurtengo edizioan aurkezteko aprobetxatu dut.
Baduzu idazteko ohiturarik zure pentsaerak ordenatzeko?
Duela urte batzuk, agian, gehiago idazten nuen. Baita irakurri ere. Baina azken urteetan pixka bat geldirik ditut bi aspektu horiek. Hala ere, terapia bat da niretako.
Horrelako lehiaketek ere erakusleiho bezala balio dezakete horrelako lanak ikusarazteko?
Nik uste dut, alde batetik, herritarrentzako oso aberasgarria dela. Gainera, kuriosoa da, kanpoko jende asko animatzen delako lehiaketan parte hartzera. Baina jendea animatzen dut; izan ere, badago jendea idazten duena eta, lotsagatik edo, ez dena horrelako lehiaketetara aurkezten.
Sari banaketa Seminarixoan egin da

Martitzenean egin zuten Amodiozko Gutunen Lehiaketaren sari banaketa, Seminarixoan. Oholtza gainean, sarituak izan ziren sei gutunak irakurri zituzten Ainhoa Urzelaik, Leire Mendizabalek, Lide Mantxolak, Jone Arregik, Iñaki Larreak eta Ainhoa Pardinak.