Babesa erakutsi diote hainbat herrikidek eta zezenzalek Bergarako Zezenak ganadutegiari

Mirari Altube Arrese 2025eko urriaren 30a

Elkarretaratzea egin dute gaur, eguen iluntzean, Bergarako San Martin plazan Bergarako Zezenak ganadutegiko kideei babesa erakusteko "kolpe gogor honen aurrean". Txarrenetan ere herria zurekin zioen pankartaren atzean lagun asko batu dira.

Elkarretaratzearen deitzaileek eskerrak eman gura izan dizkiote ganadutegiari "urte askoan herririk herri ibili izan direlako jai herrikoiak sustatzen". Eta orain, "kolpe gogor honen aurrean" haien alboan egon gura dute: "Denbora luzean mimoz eta pasioz egindako lana arriskuan ikustea ez da erraza, ez justua. Baina jakin ez zaudetela bakarrik. Herria, lagunak eta zezenzaleak zuekin gaude".

Ilusioa eta giroa sortu izan dituztela jai askotan gaineratu dute: "Herri honek bere barruan dauka eta hori ez da inoiz galduko". Horregatik hain zuzen itzuleraren zain egongo direla adierazi diete: "Badakigu mina handia dela, baina baita ez duzuela amore emango. Hau ez da agur bat, laster arte bat baizik. Bueltatuko zarete, eta zuekin batera beste guztiok, inoiz baino indartsuago".

Bergarako Zezenak ganadutegiko ugazaba Iñigo Almortza bertan egon da. Hunkituta, eskerrak eman dizkie elkartutako guztiei.

Abelburu guztiak hil beharra

Bergarako Zezenak ganadutegiak domekan jakinarazi zuen abelburu guztiak, 90 buru, sakrifikatu egin beharko zituela, tuberkulosi kasu bat atzeman zutelako. Almortzak adierazi zuen Europako araudia oso zorrotza zela eta ez dela bidezkoa, ez justua, ez zuzena. Era berean, azpimarratu zuen "genetika ez dela sekula errekuperatuko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak