Urriaren 20an hasiko dituzte Agorrosingo teilatua konpontzeko lanak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko ira. 29a, 16:10

Agorrosin kiroldegiko barruko igerileku handia; obrek iraun artean ezingo da erabili. Argazkia: Bergarako Udala.

Bergarako Udalak Agorrosingo kiroldegiko estalkia berritzeko lanak adjudikatu ditu, 2025eko martxoaren 20an izandako ekaitz batek eragindako kalteak konpontzeko. Horrenbestez, igerilekuaren zati bat itxi beharko da lanak burutu ahal izateko. Lanok urriaren 20an hasiko dira eta otsailean igeritokia irekitzea aurreikusten du Udalak. 

Agorrosingo igerilekuaren estalkia konpontzeko proiektua Sestra Ingeniaritza eta Arkitektura SL enpresak idatzi zuen, eta lanen exekuzioa Construcciones Castellano SA enpresari esleitu zaio, 677.768 euroko zenbatekoan (BEZ barne).

Gainerako udalekin harremanetan

Agorrosingo abonatu eta erabiltzaileentzako informazioa garrantzitsua helarazi nahi izan du Udalak igeritokia itxita dagoen bitartean: Hasteko, Bergarako abonatuek Arrasateko, Oñatiko eta Soraluzeko igeritokiak erabili ahal izango dituzte ordutegi murrizketa barik, Mugiment kirol txartela erabilita. Horrez gain, adierazi dute Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalekin harremanetan daudela, bertako igeritokiak ere erabili ahal izateko. Bigarrenik, igeritoki handia soilik itxiko da, igeritoki txikia eta bainuetxea zabalik mantenduta. Hirugarrenik, Bergarako abonatuei, hileko abonutik, baja hartzeko epea luzatuko zaie urriaren 10era arte.

Murrizketak abonuetan

Bestalde, abonuetan egokitzapen batzuk egingo dituzte. Helduen kasuan, hiru egokitzapen: abonu osoa dutenei 26,35 euro kobratuko zaie hileko;  abonu arrunta dutenei bainuetxera sartzeko aukera emango zaie; eta bainuetxeko abonua zegoenetan mantenduko da.  Haur eta gazteei, honako murrizketa hauek aplikatuko zaizkie abonuetan. Haurren kasuan, guraso bat abonatu dituztenek ez dute ordaindu beharko; eta gurasorik ez badute abonatuta 6,59 euro ordainduko dute hileko. Gazteen kasuan bi guraso abonatu dituztenek ez dute ordaindu beharko; guraso bat abonatu dituztenek 6,59 euro ordainduko dute hileko; eta, azkenik, guraso abonaturik ez dutenek 10,55 euro ordainduko dute hileko. 

"Eragozpenak minimizatzeko neurriak" hartuko dira

Obrak kiroldegiko jarduerarekin bateragarriak izateko moduan antolatuko dira, eta inguruko erabiltzaileei eragiten dieten "eragozpenak minimizatzeko neurriak" hartuko dira. Gorka Artola alkateak honako hau nabarmendu du: "Ekaitz batek Agorrosingo teilatuan kalte handiak eragin zituen. Obra hau kaltetutako estalkia ordeztu eta aurretik atzemandako beste akats batzuk bideratzeko aukera emango digute. Erabiltzaileei ahalik eta eragin txikiena sortzeko helburuz planifikatu dira lanak, eta hainbat herritako udalekin adostu ditugu igerilekuko zerbitzuak. Inguruko herriei elkarlanerako izan duten jarrera eskertu nahi diegu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak