Denboraldi berezia dator Bergara Igeri Elkartearentzat, Agorrosingo sabaiko lanen etenak eraginda

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko ira. 6a, 10:17

Bergara Igeri Elkarteko igerilari gaztetxoak, Agorrosinen, artxiboko irudi batean. Argazkia: Bergara Igeri Elkartea.

Hasi berri den denboraldia ezberdina izango da Bergarako igeriketa taldearentzat, kiroldegiko teilatua konpontzeko lanen ondorioz hiru hilabetez egongo delako barruko igerilekua itxita. Udalak esleitu dio lana enpresa bati, eta, kontratua sinatu ostean, irailean, epeen berri emango du. 

Irailaren 1ean egin zuten oporren osteko lehen saioa Bergara Igeri Elkartekoek. Uztailean denboraldia amaitu ondoren, berriro elkartu eta bereziki gaztetxoenekin igerilekuan lehen ariketak egiteko baliatu dituzte lehen saioak. Izan ere, zeharkaldietarako sasoia izan ohi da uda igerilarientzat, baina aurten ez da bergararrik nabarmendu itsasoko probetan.

2025-2026ko denboraldia abiatu berritan, ez dute igerilarien kopuru zehatzik oraindik, baina Asier Perez entrenatzaileak dio 120 bat lagun arituko direla klubaren bueltan: "Kiroldegiko teilatuko obrek eraginda ikusteke dago umeen eta gaztetxoen kopuruan gorabehera handirik izango dugun edo ez. Beteranoagoak diren master igerilarien artean aurten ere kopuru polita izatea aurreikusten dugu; pozik gaude horrekin, lana ondo egiten ari garen seinale da. Igeriketa taldean zabalik ditugu ateak". Denboraldira begira, talde bezala, otsaila eta martxoa izango dira hilabete garrantzitsuenak, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak lehiatzeko ordua izango da eta. "Neguko txapelketa horiek dira guretzat inportanteenak. Ea aldez aurreko lanak ahalik eta txukunen eginda heltzen garen", dio Perezek.  

Teilatuko lanek baldintzatuta

Izan ere, aurten denboraldia berezi egingo duen aldagairik badago hori Agorrosin kiroldegiko teilatuaren konponketa izango da. Martxoaren 20ko eta 21eko haizeteak teilatuaren zati handi bat altxatu zuen, eta orduan, urgentziazko esku-hartze batekin arazoari behin-behineko soluzioa eman zitzaion; apirilaren 8a ezkero barruko igerilekuak erabilgarri daude. Obra noiz gauzatuko den ez dakite oraindik, baina luzea izango dela badakite Bergara Igeri Elkartean. "Datarik ez digute zehaztu oraindik, baina abisatu digute 12 eta 14 asteren artean iraungo dutela lanek. Hiru hilabete izango dira, gutxienez. Agorrosin itxita egongo den bitartean beste igerileku bat beharko dugu; ez dugu erabaki oraindik, baina martxoan teilatua altxatu zenean Elgoibarrera joan ginen. Esango nuke Elgoibarko Udalak oraingoan ere utziko digula euren igerilekuak erabiltzen", adierazi du Perezek. Udalak dagoeneko esleitu dio lana enpresa bati, eta geroago emango du aurreikusitako epeen berri. 

Elgoibarrera joateko asmoa

Agorrosingo igerilekua hiru hilabetez itxita egoteak izen-emateetan eragingo duela uste du Perezek: "Nagusienak diren igerilariek klubean jarraituko dutela espero dugu. Izan ere, errendimendura begira daude, euren markak hobetzera, eta kirol bakarra egiten dute. Igerilari profil horrek aldaketari eutsiko diola uste dugu. Beldur handiena txikienekin eta alebinekin dugu, adin horretan ez dute-eta kirol bakarra egiten. Hiru hilabetez herriko igerilekua itxita egotea eta beste herri batera mugitu behar izatea eragozpena izan daiteke gurasoentzat; ez dugu galdetu, baina gorabeherak egon daitezke. Haizeak teilatua altxatu zuenean hiru aste izan ziren, eta orduan ez genuen bajarik izan, baina orain ezberdina izango da...". Elgoibarko igerilekuetan ondo moldatu zirela gogoratzen du Perezek: "Zortzi kaleko igerileku handi bat dago, eta alboan lau kaleko beste bat. Klubarekin harreman ona dugu, eta, beraz, gaur-gaurkoz, Elgoibar da gure lehen aukera".

'Nagi Tag'-a ondo etorri zaie 

Bestalde, 2023an lortutako Europako dirulaguntza bati esker uztailean ezarri zen Nagi Tag "sistema berritzailea" martxan dago aurtengo uztaila ezkero. Sistema horrek teknologia aurreratua baliatzen du erabiltzaileak soroslearekin denbora errealean konektatzeko, eta, aldi berean, igeriketa jardueraren inguruko datu zehatzak eskaintzen ditu. Klubeko igerilariak gutxika hasi dira erabiltzen: "Metro asko dituzten entrenamenduetan erabiltzen hasi gara orain, kontrola eramaten laguntzen digulako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak