Asier Altuna 'Kixi'-k eta Telmo Esnalek jasoko dute aurtengo Zinemira saria

Goiatz Arana Begiristain 2025ko abu. 30a, 18:18

Asier Altuna eta Telmo Esnal.

Aupa Etxebeste! filmaren 20. urteurrenaren harira jasoko dute aitortza, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, irailaren 23an egingo den Euskal Zinemaren Gala Handian. Zinemira saria Donostia Zinemaldiak eta EPE-IBAIA ekoizle-elkarteak ematen duten ohorezko saria da, eta euskal zinemagintzaren alorreko pertsona ospetsu baten ibilbidea aitortzen du.

Asier Altunak (Bergara, 1969) eta Telmo Esnalek (Zarautz, 1966) elkarrekin hasi zuten ibilbide zinematografikoa, Txotx (1997) eta 40 ezetz (1999) film laburrekin; eta 2005ean elkarrekin zuzendu zuten lehen film luzea, Aupa Etxebeste! (New Directors, 2005). Filmak Donostia Zinemaldiko Gazteriaren saria eta Goya sarietarako zuzendari berri onenaren izendapena ekarri zizkion bikote gipuzkoarrari, eta mugarri bihurtu zen euskarazko zineman; ordutik, ekoizpen indartsu eta jarraitua normalizatu da. Geroztik, Altunak eta Esnalek film gehiagotan kolaboratu dute, hala nola, Urte berri on, amona! (New Directors, 2011), Iraila, Kalebegiak (Belodromoa, 2016) eta Agur, Etxebeste! (Euskal Zinemaren Gala, 2019) lanetan. Biek ala biek beste hainbat lan ere sinatu dituzte, elkarrekin nahiz bakarka.

Aurreko urteetan, Zinemira saria jaso dute Imanol Uribek (2009), Alex Angulok (2010), Elias Querejetak (2011), Michel Gaztambidek (2012), Juanba Berasategik (2013), Pedro Oleak (2014), Karmele Solerrek (2015), Ramon Bareak (2016), Julia Juanizek (2017), Ramon Agirrek (2018), Jose Maria Txepe Larak (2019), Sara Bilbatuak (2020), Kimuak programak (2021), Txema Areizagak (2022), Paco Sagarzazuk (2023) eta Elena Iruretak (2024).

Lehiaz kanpo

Jesus Mari Lazkanok (Bergara, 1960) lehiaz kanpo emango dio hasiera Zinemirari, Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako filmarekin batera proiektatuko den Natura fugit film laburrarekin. Artiko dokumentalaren ostean, margolari ospetsuak animazioko film labur hau ondu du lau urteetan zehar, fotogramaz fotograma, formatu handiko 3.000 margo originaletan oinarrituta.

Euskal Zinemaren Irizar Saria

Guztira 38 ekoizpenek –27 film luzek, bost film ertainek, hiru film laburrek eta hiru seriek– osatzen dute Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko euskal parte-hartzea, eta horietatik hamahiru lehiatuko dira Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko: Aitor Arregiren (Oñati, 1977) eta Jose Mari Goenagaren (Ordizia, 1976) Maspalomas, eta Asier Altunaren Karmele, tartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak