Entre copas izeneko filma (2004) izan zen Novedades zinema-aretoan ikusi ahal izan zen azken pelikula, 2005eko martxoaren 9an. Bada, 20 urte eta ia bost hilabete geroago, hastear dira Novedades zena botatzeko lanak. Astelehenean, hilak 21, oinezkoendako itxi zituzten Osteta eta Ikerleku kantoiak, eta itxita egongo dira eraisketa lanek iraun bitartean.
GOIENAk jakin duenez, eraikinak husteko lanetan dihardute egunotan, eta, eraisketa prestatzeko bestelako egokitzapen lan batzuk egin behar direla eta, eraikinak botatzeko lanak ez dira hasiko, gutxienez, abuztuaren 1era arte. Gogora ekarri behar da eraikinak egoera arriskutsuan daudela.
Eraisketa lanak, irailaren 8rako
Ekainaren 30eko osoko bilkuran udalbatzak onartutako hitzarmenak jasotzen duenez, eraisketa lanok amaituta behar dute irailaren 8rako, Aranzadi ikastolak 2025-2026ko ikasturtea abiatzen duenerako. Ikerleku kaleko 2. eta 4. zenbakietako eta Bidekurutzeta kaleko 14. zenbakiko eraikina bota, inguru hori berriro urbanizatu eta etorkizunean etxebizitza berriak eraikitzea. Obraren prozesua zehaztea helburu duen hitzarmena Udalaren, eraikin-jabeen eta Mojasoro SL enpresa sustatzailearen artean adostu zuten; betiere, argi utzita ez dela hirigintza-hitzarmen bat, baizik eta "oso konplikatua" den esku-hartze hori nola egin zehazteko "lankidetza-hitzarmen" bat. Akordio horretan jasotzen da, besteak beste, enpresa sustatzaileak 2026ko urtarrilaren 8a baino lehen eskatuko diola Udalari eraikin berria egiteko lizentzia, eta Udalak, beranduenez, 2026ko otsailaren 6rako eman beharko duela lizentzia hori.
Patio berriari begira
Eraikin zaharrak botatzeko lanak amaituta, obretarako sarbidea Seminarioko patiotik egingo da, Aranzadi ikastolarentzat eguneroko jolastokia dena ikasturtean zehar. Obra "konplexua eta luzea" izango denez, ikastola gertutik ari da jarraitzen prozesua eta laguntzeko "prestutasun osoa" agertu dute: "Obrak udako oporretan izatea eskertzen dugu; kontziente gara Udalarentzat esfortzu handia izan dela. Bestalde, badugu kezka gure eguneroko jolastokira begira zein ikuspegi dagoen jakiteko. Prest gaude etorkizuneko patioa izango denaren lanketan parte hartzeko herri ikuspegi batetik".
Izan ere, hurrengo ikasturtera begira "hausnarketa-prozesu bat" abiatuko du Udal Gobernuak, herriarentzat estrategikoa den patio hori nolakoa izango den adosteko. Seminarioko patioa asko erabiltzen dela jakitun da Udal Gobernua, izan Aranzadi ikastolaren aste barruko egunerokotasunean edo beste edozein eragileren ospakizunetan. EH Bildu kontziente da patio horrek eraldaketa bat behar duela, eta eraldaketa hori herriko eragileekin batera diseinatu nahi dute: "Uste dugu orain hasi gaitezkeela irudikatzen egungo patioa nolako arnasgunea izango den etorkizunean", esan zuen EH Bilduko bozeramaile Maite Usabiagak ekainaren 30eko osoko bilkuran.
2028an amaituko duten etxe berrien eraikinean jarriko dute Zabala etxeko fatxada berezia
Zabala etxeko fatxadari lekua
Ikerleku kantoiaren eta Bidekurutzeta kalearen ingurua biziberrituko duen eraikin berria eraikita egotea aurreikusten da 2028rako eta eraikin berri horretan egokituko dute garai bateko Zabala etxeko fatxada berezia; etxe horretan zegoen kokatuta 1783an Elhuyar anaiek wolframa isolatu zuten laborategia. EH Bildu eta EAJ pozik daude, "ondare aldetik balio handia" duen elementua Bergarara itzuliko delako.