Puntua aldizkariaren 464. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Amantala jantzita eta maskararekin hasi zen lanean, Errekalde jauregian, 1989an. Mahai bat zeukan aurrean; ez telefonorik, ez ordenagailurik, ez fotokopiagailurik. Fitxak eskuz egiten zituen, Roneoko fitxategi zahar batekin. 1995ean, udaletxea berritu zutenean, egungo kokalekura joan ziren. Asko aldatu dira gauzak.
Herrian erreferente izatea lortu duzue; ohikoa da hori artxibo batentzat?
Erreferente izatea askotxo esatea izango da, akaso, baina uste dut herri mailan jendeak badakiela artxiboa dagoela, non dagoen eta zertara etor daitekeen bertara, eta hori aurrerapauso handia da. Gure helburuetako bat izan da, hasierarik, eta, egindako lanaren eta igarotako urteen poderioz, jendea galdetzera, kontsultak egitera… etortzeko garaia da orain. Erein egin behar da, gero fruitua jasotzeko.
Nola erein duzue hazia?
Askotariko arloetan eta hainbat modutan. Helburua da artxiboa ezagutaraztea, eta, profil askotariko jendea dagoenez, saiatzen gara guztiei erantzuna ematen. Hezkuntzarako, bisita gidatuak dauzkagu, baita ehungintzarekin eta emakumearekin edota Seminarioarekin lotutako unitate didaktikoak ere; edonorentzako bisita gidatuak ere badaude; herri mailan, argazkiak jarri ditugu, erakusketak egin, artikuluak idatzi…; eta ikerketarako, datu base profesionalagoak dauzkagu. Oso garrantzitsua izan zen www.bergarakoartxiboa.eus webgunea egitea; 2008an jarri genuen martxan, eta esango nuke Erkidegoko artxiboen artetik lehenak izan ginela. Hamalau urte geroago, berritu egin genuen, eta digitalizazioak sartu genituen, besteak beste.
"2008AN JARRI GENUEN WEBGUNEA MARTXAN; ESANGO NUKE LEHENAK IZAN GINELA ERKIDEGOAN"
Zeintzuk dira artxiboaren funtzioak?
Ikusten dena da gordeta dugun ondarea, artxiboan ditugun dokumentuak. Baina horiek kontsultatzeko moduan egon daitezen, sistema eraginkorra behar da, eta horretan egiten den lana ez da kanpotik ikusten.
Kudeaketarako artxibo sistema bateratua da?
Bai. Eusko Legebiltzarrak Dokumentu-kudeaketa Integralaren eta Dokumentu-ondarearen Legea onartu zuen 2022an. Izan ere, Udalak eguneroko lanean dokumentuak sortzen ditu, egin duenaren lekuko izan daitezen. Batzuk bota egingo dira denbora batera eta beste batzuk ondare bihurtu, baina horien guztien kudeaketarako irizpideak, tresnak eta programak egin behar dira.
Zuenean, funtsak eta dokumentu-bildumak gordetzen eta zaintzen dituzue, 37 guztira; zertan ezberdintzen dira bat eta beste?
Bilduma bat egiten da, norbanako batek edo erakunde batek gura duelako. Funtsak, aldiz, berezkoak dira, erakunde bakoitzak bere eginkizunetarako sortzen dituenak dira.
Adibidez?
Ikastetxe batean, esaterako, funts bat osatzen dute ikasleen eta irakasleen espedienteek, eraikinaren mantentzeari eta gastuari buruzko dokumentuek, aurrekontuek… Eta bilduma baten kasuan, izan daiteke seiluen oso zalea den batek osatutako seilu-bilduma.
Udal fondoa da guztien artetik handiena?
Bai, hori da berezkoa duguna, Udalak historian zehar sortutako dokumentuena. Eta zaharrena da hiribildu-agiria, 1268koa.
Herriaren historia ere baden fondoa, nolabait esatearren, ezta?
Hori da. Funts horrek jasotzen ditu Udalak historian zehar egin dituen gauzetarako hartu dituen erabakiak, erabili dituen diruak…
"ARTXIBOAN DAUKAGUN DOKUMENTU ZAHARRENA HIRIBILDU-AGIRIA DA, 1268KOA"
Jasota dituzuen gainontzekoen artetik zein nabarmenduko zenuke?
Udal artxiboetan udal fondoak bakarrik egoten dira, eta guk –Eibarkoak ere bai– beste funts batzuk ere baditugu; hori bada gure berezitasun bat. Eta funts bakoitzak dauka bere puntua: dena delako erakundearen, familiaren edo industriaren eginkizunen lekuko dira, eta horietako bakoitza bakarra da. Baina, beharbada, Bergaran historian zehar izan dugun berezitasunetako bat Seminarioa izan da. Hortaz, esango nuke Seminarioko fondoa dela bereziena. Industria, familia garrantzitsuak, kultura elkarteak… herri askotan daude, baina gurean bitxikeria Seminarioa da, XVI. mendea ezkero ikastetxe bat egotea berezia delako. Argazki-fondoak ere asko ditugu, eta hori ere ez da izaten ohikoa.
Dohaintzan jasotakoak dira ala erositakoak?
Denak dira dohaintzak, eta hori eskertzekoa da. Iturbe-Eulate familia-artxiboa da salbuespena; salgai zegoen liburu-denda batean, eta erosi egin genuen. Bost maiorazko izan zituen XVI-XVII. mendeetan, eta enpresa bat balitz bezala da, oso interesgarria.
Eurentzako ere berme bat da dokumentazio hori guztia artxibo batean gordeta izatea, ezta?
Bai. Baldintza egokietan gordetzeaz gain, zerrendatu egiten dugu, sailkatu, metadatuak ipini, digitalizatu… eta materiala bueltatzen dugu edozeinek kontsultatzeko moduan.
Zer bilatzen du gehien jendeak?
Gehienbat, udal fondoko dokumentazio historikoa, Seminariokoa ere dezente, eta genealogia asko –Argentinatik, Perutik…–. Udalaren funtseko bestelako dokumentuak ere bai –planoak, udal erabakiak…–. Eta horiez aparte, herri mailako kuriositatetik, gehien- gehien, argazkiak. Badakit hainbat ibiltzen direla Whatsapp taldeetan!
Eta asko zabaldutako horietakoren bat da?
Kuadrilletakoak, jaietakoak, kiroletakoak…
Testu-dokumentuak, argazkiak, audioak, bideoak... dituzue; egin beharreko zainketa-lana ez da izango bera guztientzat, ezta?
Euskarriaren araberakoa izaten da. Tenperatura eta hezetasuna kontrolatu behar dira. Paperak, adibidez, eskatzen ditu 18-20 gradu bitarteko tenperatura eta %40-60 arteko hezetasuna; argazkiek, gutxiago… Prebentzioa da helburua; errestaurazioa oso garestia da.
Eta baldintza egokietan mantenduz gero, zaharberritze-lanik egin beharrik ez…
Baina gertatzen ari zaiguna da digitalizatutako fitxategien formatuak zaharkituta geratzen ari direla, ezin ditugula zabaldu, eta migratu egin behar direla. Hori etorri da, eta, beraz, irizpideetan zainketa digitala ere kontuan hartu behar da; hau da, nola gorde behar dugun orain sortzen ari garen dokumentazio digital guztia.
Hori ere ez da betirako…
Dokumentu digitalak gordetzeak paperak baino lan gehiago ematen du: ireki ezin diren formatuak, zaharkituta geratzen diren firma elektronikoak, CDek ez dute irauten 25 urte baino gehiago… Migratu egin behar dira. Eta berandu samar gabiltza.
"UDAL ARTXIBOETAN UDAL FONDOAK BAKARRIK EGOTEN DIRA, BAINA GUK BESTE BATZUK ERE BADITUGU"
Berandu?
Orain sortzen den dokumentazio digitala babesten bai. Guk digitalizatutakoekin errazagoa da, ez dugulako originala botatzen; kontsultarako, digitalizazioa egiten dugu, ez dugu ordezkatzen. Aldiz, ordezkapena bada, legeak eskatzen dituen irizpideak bermatu behar dira.
Zein lan egiten duzue hemen eta zein kanporatu?
Lehenengo aktak, digitalean izan baino lehen, mikrofilmetan eduki genituen. Baina aparatua deskatalogatuta dago, eta derrigorrez digitalizatu behar izan ditugu. Lan hori kanpoan egiten da. Badugu eskaner bat, digitalizazio txikiren bat egiteko, baina, oro har, kanporatu egiten dugu. Guk hemen egiten duguna da, barrura begira, udal sistema kudeatzeko irizpideak landu eta, beste departamentuekin elkarlanean, betearazi; eta kanpora begira, sailkapenak, deskribapenak, hedapenerako proiektuak…
Asko ikasiko zenuen hainbeste dokumenturekin!
Bai, asko ikasten da. Ikerlari bat etortzen denean zerbaiten bila, hari pistak emateak norberari ere asko ikasarazten dio; niri gustatu egiten zait, gainera. Askotan, zaila da jakitea informazioa non dagoen, iturria zein den. Mendeetan zehar erakundeak asko aldatu dira, baina dokumentuak daude bere momentuan zegokien lekuan. Adibidez: Angiolillo. Bergaran hil zutenez, jendea hona etortzen da dokumentu bila, baina hemen ez dago ezer, hura juizio militar bat izan zelako; haren ardura epaitegi militar batek izan zuen eta espedienteak artxibo militarretan daude. Hori adibide bat besterik ez da, baina erantzuna emateko ere asko ikasi behar izaten da, eta hori da polita. Saiatzen gara jendeari laguntzen iturrietara ailegatzen.
Eta, herriarekin konektatzeko ahaleginean, ihes-gela ere egin duzue!
Egin egin behar dira gauzak; saiatu, gutxienez. Egia da ihes-gelak baino arrakasta handiagoa izan dutela unitate didaktikoek; eta erakusketek ere bai. Erakusketak egiten ditugunean, sekulako arrakasta izaten dute; Aroztegin egindakoetatik arrakastatsuenetakoak izaten dira gureak! Egia da –gehitu du, sekulako irribarrearekin–. Gakoa da publiko ezberdinengana ailegatzen saiatzea; bestela, artxiboak erlazionatzen dira dokumentu zaharrekin eta jendeak pentsatzen du gu ere zulo batean sartuta gaudela. Aldatu egin behar da hori.
Digitalizazioarekin aldatu egin dira gauzak…
Digitalizazioen aukerarekin gero eta jende gutxiago dator bertara, eta, alde horretatik, webgune berriarekin [2022an] izan nuen nire ardura, nola justifikatu hori arduradunen aurrean. Orduan, datuak eskatu nituen, urte amaieran beti egiten dudan txostenerako, eta sekulakoak izan ziren: 16.258 erabiltzaile, 567.844 orrialde bisitatu eta 34.218 deskarga. Baina elikatzen jarraitu behar da eta lan handia dago. Azken batean, digitalizatzea merkea da; garestia dena da horiei datuak ipintzea. Ez dakit adimen artifizialarekin beste modu batera egingo diren gauzak… Beste artxibozain batzuekin ari gara lanean, eta zerbait izango da.