Eguzkitze hirukoitza ikusi da Bergarako Santa Marina parrokian

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko uzt. 18a, 21:26

Eguzkitze hirukoitza Bergarako Santa Marina elizan, gaur.

Hiru baldintza bete behar ziren: eguzkia sartzea mendebaldeko fatxadako leihoetatik, erdiko eta eta albo banatako dauden aldareak argiztatzea eta uztailaren 18an geratatzea hori dena,  Santa Marina egunean. Eta gertatu da; kalkuluetan jasota zuten moduan, 19:45ean.

Eliza denetan ez, baina askotan gertatzen da asoleo edo eguzkitze fenomenoa; hau da, eguzkiak eliza horretako lekurik edo objekturik esanguratsuena argiztatzea urteko egun jakin batean –adibidez, Arrasateko San Juan parrokian San Juanen irudia argiztatzen da udako solstizio egunean; Zumarragako Antio elizan bi ekinokzioetan–. Bergarako Santa Marina elizan, baina, hiru elementu argiztatzen ditu, eguzkitze hirukoitza gertatzen da, eta hori "oso arraroa" da.

Bertako Lanbroa kultura elkartea eta Ilatargi astronomia elkartea ibili dira elkarlanean fenomeno hau lantzen; historia aldetik batzuk, zientzia aldetik besteak. Bazuten fenomeno hau gertatzen zenaren susmoa, eta erakutsi dute gertatzen dela. Lanbroako kide den Andoni Larrañagaren esanetan, duela 225 urtetik hona: "1791-1797 urte bitartean bota eta eraiki egin zuten parrokiaren mendebaldeko horma, Agorrosin aldera dagoena, eta orduan kontutan hartu zuten fenomeno hau. Leihoak baleude metro bat gorago edo beherago edo albo batera edo bestera, ez zen gertatuko. Alejo Miranda zen orduko arkitekto hura. Ez dugu lortu bere idatziren bat hau horrela kalkulatuta zegoela ageri dena, baina badakigu orduko Santa Marinako parrokoaren koinatua zela, eta gertutasun horrek emango zion bide, ziurrenik, fenomeno hau lortzeko". 

Gaur da Santa Marina eguna, uztailak 18, eta arratsaldea lainotuta bazegoen ere eguzkia atera da iluntzean eta 19:45ean mendebaldeko fatxadatik sartu eta argiztatu ditu parrokiako hiru elementuak. Santa Marina eguneko meza esaten ziharduen momentu horretan apaiza, eta fenomenoaren aipamena egin du hark ere sermoiaren tartean, eguzkitzearekin batera gertatu da eta.

Eguzkitze fenomenoa arrunta edo ohikoa da Trentoko kontzilioaren ondoren eraiki edo eraberritutako eliza eta ermitetan. Zapatuan, hilak 19, bisita gidatuak egingo dituzte fenomeno hau azaltzeko Bergarako Santa Marina elizan, 19:00etan. Bisita irekiak dira eta ez dago aurrez izena eman beharrik. Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez egingo dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak