Kooperatibaren garapena ikusten izan dira Soraluceko bazkide jubilatuak

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko uzt. 18a, 17:46

Zazpi planta ditu Soraluce kooperatibak: Mekolalden bat eta Osintxun sei. Egun 300 langile ditu eta egun dagoeneko jubilatuta dauden bazkideak gonbidatu dituzte lantegia ikustera gaur, orain arteko ibilbidean eurek egindako lana eskertuz.

Guztira 30.000 metro karratu ditu Soraluce kooperatibak zazpi plantetan banatuta; 1963an eraiki zuten lehen eta azkena 2024an –jangela 2025eko urtarrilean estreinatu dute–. Egun 300 langilek dihardute Osintxun eta gaur hor ibilitako beste ehun bat izan dira bisitan, eurek lana egindako kooperatiba zenbat hazi den ikusten. Andres Mazkarain presidentearen esanetan, "aspaldi ikusi gabe" zituen lankideak ikusteko eta "eurek lanarekin lortutakoa ikusteko eta partekatzeko" izan da goiza, baina lan hori transmititzea gurako luke berak orain: "Presidentearen kezka hori da batetik, egungo bazkideak kontziente izatea  jubilatu hauek modu baten hartu zutela Soraluce eta hobeto utzi, eta guk ere ardura hori dugula transmititzea. Hori epe motzera, luzera, berriz, ea hau martxa berean mantentzeko kapaz garen".

Eta bisitan izan dira, adibidez, 41 urtetan tekniko lanetan ibilitako Anjel Mari Mendia, besteak beste munduan barrena makinak muntatzen ere ibili zen Jose Ramon Zabala edo kooperatibaren sorrera ondo ezagutzen duen eta informatikari lanetan ibili zen Rosa Vidal –aita sortzaileetako bat izan zen eta anaia, bera eta gizona ere horko langile izan dira–.

1962an jaio zen kooperatiba eta 1963an eraiki zuten lehenbiziko planta. Fresadorak dira produktu nagusiak, baina produktu eta makina inguruan ezagutza eta teknologia ezberdinak garatu dituzte, automatizazio eta ingeniaritza mekanizatuaren inguruan, adibidez, eta egun, "makina kopurua txikiagoa da, baina makina bakoitzaren teknologia askoz handiagoa", Rafa Idigoras gerentearen esanetan. Gaineratu du erronka dela aeronautikan eta energian garatzea. 

Soralucen 2021etik 2024ra 40 milioi euroko inbertsiotan hemezortzi milioi euro i+g, marketing eta komunikazioan sartu dituzte. 2023tik bi pabiloi berri –danera zazpi– eta jangela, eta inguruaren urbanizazioa, parkingak, parkea... egin dituzte zonalde industriala eta Osintxuko herrigunea uztartzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak