Gari eta Fran Iturbe, berriro elkarrekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko uzt. 11a, 10:53

Hamazazpi bat urte ziren Garik eta Fran Iturbek ez zutela elkarrekin emanaldirik egiten. Gariren bakarkako ibilbidearen 30. urteurrenak elkartu ditu, eta hiru kontzertu iragarri dituzte. Entsegu-kontzertua egin zuten atzo Bergarako kartzela zaharrean. Aste hasieran zabaldu zizkioten entsegu-lokaleko ateak GOIENAri.

Aurten betetzen dira 30 urte Garik bakarkako lehenengo diskoa kaleratu zuela. Fran Iturbe gitarra-jotzaile bergararrarekin prestatu zuen lehen disko hura, Iturbek Zabalotegin zuen estudio txikian makina bat ordu sartu ostean. Gari diskoak 1995eko urrian ikusi zuen argia. Beste bi disko ere egin zituzten ostean Garik eta Iturbek, batera.

"Hiru hamarkada joan dira dagoeneko lehenengo disko hura plazaratu genuenetik, eta hainbat kasualitate tarteko elkartzeko aukera izan dugu Franek eta biok", esan du Garik. "Hiru kontzertuko bira berezi bat prestatu dugu, non biok bakarrik eta taberna txikietan joko dugun, duela 30 urte egin genuen moduan", azaldu du legazpiarrak. Gaur egingo dute birako lehen kon- tzertua, Mundakako Kasinoan. Ondotik etorriko dira Bilboko eta Bastidako emanaldiak.

'Gogotsu' bira berezirako

Bi musikariek 2007an kaleratu zuten Esperantzara kondenatua diskoa, eta, ordutik, ez dute elkarrekin agertokirik zapaldu. Gogotsu daude egitekoak dituzten hiru kontzertuetarako. "Ariketa interesgarria" izango dela dio Iturbek. "Dibertigarria" ere bai. Garik aitortu du lehen entseguak ez direla errazak izan: "Nolabaiteko seminario txiki batean sartuta ibili gara; izan ere, nork bere bidea egin du urte hauetan guztietan, eta ez gaude utzi genuen puntu berean. Bion arteko zubiak berreraikitzen aritu gara, baina gaur egungo zubiak eta gaur egungo nortasunarekin".

Legazpiarrak azaldu du denen nahia izaten dela lehenbailehen iristea amankomuneko puntu batera, eta, kasu guztietan horrela izan ez bada ere, hainbat kanturekin segidan heldu direla bertara. "Hori da publikoak kontzertuotan ikusiko duena", gaineratu du Iturbek. "Konexioa dagoenean sumatu eta nabaritu egiten da".

Entsegu-lokala, Bergaran

Fran Iturbe AEBetako Los Angelesen bizi da azken bi hamarkadetan. Bisitan etorri da eta Bergaran da egun batzuetarako. Aukera hori baliatu dute bi musikariek hiru kontzertuko bira berezia egiteko. "Egia esan, beti mantendu dugu harremana. Ez dakit nola hasiko ginen bira txiki hau prestatzen. Berriketaldi horietako batean aterako zen gaia, urteurrena zetorrela eta", dio Iturbek.

Ez da halako zerbait egitea saiatzen diren lehen aldia. "Hainbat saiakera egin ditugu, baina ez dira irten", aitortu du legazpiarrak. "Azkena, 2024koa izango zen, nik kaleratutako estudioko azken lanerako: Behin bizitzea. Franekin hasi nintzen lehen kantak prestatzen, ni hemen eta Fran AEBetan. Facetime aplikazioa erabiltzen genuen. Ez zuen funtzionatu".

Ezetz egiten du buruarekin Fran Iturbek. "Artista bezala beti abiatu izan gara emoziotik, eta Facetime aplikazioarekin emozio gutxi!", ziurtatu du. Gehiago dio Garik: "Kontua da ez garela bi pertsona oso ortodoxo. Franek bere instrumentuarekin transmititzen ditu bere emozioak, eta nik ahotsarekin. Zaila zen".

Bi musikariak Bergaran elkartu dira aurreko egunotan. "Bergara da gure jaioterria", ziurtatzen du Fran Iturbek. "Gari ez dago horrekin guztiz ados, baina horrela da". Segidan erantzun dio legazpiarrak: "Hori horrela da. Lehen maketa hemen egin genuen, elkarrekin egun eta ordu asko pasata. Lehen diskoa ere hemen sortutakoa da. Bergara herri oso inportantea da, baina Legazpi ere bai. Guk biok oso goiz ezagutu genuen elkar; 14-15 urteko nerabeak ginela. Fran, zu Seska taldean zenbiltzan, eta gu Ziper taldea ginen. Nik uste dut asteburu batean gure lokalean azaldu zinetela. Ez dut gogoan zertarako. Beste garai batzuk ziren, eta ez zen orain besteko normala herri txikietan estilo ezberdinetako talde musikalak egotea".

Iturbek ez du nerabezaroen Legazpira egindako bidaia hura gogoan. "Nire lehenengo oroitzapena Oñatin egin genuen kontzertu bat da. Adina hori izango zen; 14-15 urte. Gu Seska ginen, eta zuek Ziper. Oso gazteak ginen. Eta Gari, nik daukat Bergaran egin genuen lehenengo maketa hura".

Kontuak kontu, bi musikariek Bergara aukeratu dute berriz ere lanerako. Ad Blue taldeak lagatako entsegu-lokalean egin dituzte lau egun, goizez zein arratsaldez.

Konexio berezia hasieratik

Betidanik konektatu dute Iturbek eta Garik. "Ez dut sekula Garirekin kantak egiteko problemarik izan. Konexioa oso ona izan da beti", azaldu du bergararrak. "Belaunaldi berekoak gara, erreferente berberak ditugu, eta horrek asko errazten ditu gauzak. Baina horri gehitzen zaio emozioa, eta hor ere bat egiten dugu: nik nire gitarrarekin eta Garik bere ahotsarekin eta bere munduarekin. Zentzu eta alor askotan pertsona desberdinak gara, baina gogoan dut nola prestatzen genituen kantak duela 30 urte, eta prozesua oso antzerakoa izan da hiru hamarkada geroago. Esparru askotan aldatu bagara ere, konturatu gara badaudela gauzak galtzen ez direnak, eta horrek mugitzen gaitu".

Gauza horiek zeintzuk diren galdetuta, zera dio Iturbek: "Nik soinu aldetik ikusten ditut beti kantuak; hitzek eta letrek mugitzen naute, baina ez soinuak bezain beste. Eta Garirekin musika beti dago hor. Hori da galdu ez dena".

Legazpiarra iritzi berekoa da. "Bakarkako ibilbideari ekitea erabaki nuenean oso argi izan nuen Frani deitu behar niola. Ni musikarekin lotutako mundu batetik nentorren –Hertzainak, Gasteiz...– eta Fran zen beste zerbait, eta oso ezberdina. Horrek erakarri ninduen, gehienbat. Ni ere hasita nengoen sonoritate aldetik beste bide batzuk hartzen, eta Franekin oso natural hasi eta hazi zen lotura hura. Gure lengoaia musikalek berehala egin zuten bat, eta lorratz emozionalak eragin ninduen, gehienbat. Ordutik, konexioa beti izan da oso erraza".

Errepertorioaren aukeraketa

Gariren bakarkako ibilbideko hiru diskotan hartu du parte Fran Iturbe gitarra-jotzaile bergararrak. Hiru disko horietako kantuak dira bira berezi honetako emanaldietan eskainiko dituztenak. "Errepertorioa aukeratzea konplikatua izan da niretzat", azaldu du Garik. "Badira hainbat kantu Fran joan zenetik sekula jo ez ditudanak. Konplikatua zen. Nola joko nituen, ba? Franek daukan jotzeko era hori oso propioa da, eta horrek eskatzen zuen bertsio berriak sortzea. Eta ez".

Bergararrak bazuen, nonbait, horren berri, baina jakin-minez galdetu dio lagunari: "Zein dira, ba, sekula jo ez dituzun kantuak? Amapola, esaterako?". Eta Garik erantzuna: "Ez, Amapola jo izan dut, baina Ez esan ezetz, Esan ziaten eta Naufrago isolatua ez ditut sekula jo". Sorpresaz begiratu dio bergararrak: "Orduan, horiek bai ala bai sartu behar ditugu errepertorioan! Hor ez dago zalantzarik!".

Zaleek denak edo gehienak entzun nahiko dituzte, baina ezinbestekoa izango da aukeraketa egitea. Mundakako gaurko emanaldian argituko da misterioa. Dena den, atzo, kontzertu-entsegu bat egin zuten Garik eta Iturbek, Bergarako kartzela zaharrean, eta itxura oso ona du prestatu duten emanaldiak. Gari (1995), Eguzki berritan zaude (1997) eta Esperantzara kondenatua (2007) diskoetako kantu esanguratsuenak jo zituzten.

Bestetik, eta 30. urteurrena dela-eta Garik atera duen lehenengo diskoaren binilozko bertsio zaharberrituari buruz galdetuta, zerura begiratu du Iturbek: "Entzun dut eta mundiala da. Oso ondo dago. Bai, bai. Nahasketa berriak oso onak dira, eta asko hobetu ditu kantuak".

"Hasieretan bezala"

Hiru kontzertu eskainiko dituzte orain Garik eta Fran Iturbek. Uztaila amaitu aurretik izango dira guztiak. Bereziak izango dira ikusleendako, baina, batez ere, biendako. "Duela 30 urte bandarik gabe eta biok bakarrik prestatu genituen kantuak, eta diskoa atera aurretik taberna txikietan jo genuen... Nolabait, horretan ari gara berriz ere", azaldu du Iturbek. Garik gehitu du benetan berezia izaten ari dela 30. urteurrena: "Oroitzapenez beterikoa eta sorpresa askorekin".

Kontzertuak izango dira gaur Mundakako Kasinoan 22:00etan, hilaren 18an Bilboko Indusi tabernan 19:00etan eta hilaren 26an Bastidako Jai Alai tabernan 20:30ean.

Gari eta Fran Iturbe, atzo, Bergarako kartzela zaharrean egindako saioan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak