Arkitektura, astronomia eta sinesmenak, hirurak uztartzen ditu eguzkitze izeneko fenomenoak eta gurean ere bada horrelako kasurik. Bergaran, esaterako; Santa Marina parrokian. "Eguzkitze fenomenoa da toki sakralizatu batean, hau da, eliza batean, monumentu megalitiko batean edo Egiptoko faraoien hileta lekuetan, argiaren bitartez nahita eragiten den fenomeno bat, argiaren bitartez", dio Lanbroa Kultura Elkarteko Andoni Larrañagak.
Larrañagari berari 2018an piztu zitzaion Bergarako Santa Marina parrokian fenomeno hori gertatzen zen susmoa, Santa Marina egunean arratsaldean egiten den meza nagusian: "Eguzkiak egiten zuena ikusi nuen, eta ez zitzaidan normala iruditu. Hurrengo urtean mugikorreko argazki kamara prest neukala etorri nintzen, eta ikusi nuenean erretaularen azpian, toki zentralenean eguzkiak bete bete-betean jotzen zuela".
Santa Marinako eguzkitzea frogatzen
Hiru baldintza bete behar dira horrelako fenomeno bat eguzkitze bat dela esateko eta gaur Laboratorium Museoan egindako agerraldian azaldu dutenez, XVIII. mende bukaeran egindako lanei esker hirurak betetzen dira Santa Marina parrokian hirurak betetzen dira. Lehena, argia toki zehatz batetik sartzea; Santa Marinaren kasuan, mendebaldeko fatxadako leiho borobiletik. Bigarrena, toki zehatz bat argitzea; Santa Marinan, garai batean sagrarioa zegoen gunea. Eta hirugarrena, hori egun esanguratsu batean gertatzea; Bergarako elizan, Santa Marina egunean.
Fenomeno hori urtero errepikatzen dela eta aurten ere halaxe gertatuko dela frogatzeko, Andoni Larrañaga bera kide den Lanbroa Kultura Elkartekoak Ilatargi Astronomia Taldekoekin jarri ziren harremanetan. "Badago Suncalc izeneko aplikazio bat. Andonik 2019ko uztailaren 18an argazkia atera zuenean eguzkia zein alturatan zegoen jakin genuen, eta aurtengo uztailaren 18an ordu berean nola egongo den galdetuta, altuera berdinean egongo dela ikusi genuen. Horrek ia ziurtasun osoz esaten digu fenomenoa errepikatu egingo dela. Horretaz gainera, azkenaldian elizan sartu gara egun eguzkitsuetan eta ikusi dugu gradu oso antzerakoetan dabilela", azaldu du Ilatargiko Josu Gonzalezek.
Uztailaren 19an, bisita gidatua
Hala, asteotako behaketek erakutsitakoaren arabera eta eguraldiak lagundu ezkero, azken 225 urteetan gertatu bezala uztailaren 18an eguzkitze fenomenoa gertatuko da Santa Marinan. Eta hurrengo egunean, uztailean 19an, bisita gidatua egingo dute bertara: "Bezperan emango den ia gauza bera ikusiko dugu. Bizpahiru minutuko aldea egongo da, baina apenas igarriko da hori. Eta hori horrela, hiru hizkuntzan egingo dugun bisita gidatua antolatu dugu eguzkitzea gertatzeko elizan egin ziren moldaketak-eta azaltzeko", aurreratu du Andoni Larrañagak. Era berean, fenomenoa azaltzeko aurrerago erakutsiko duten inforgafia bat ere ari dira prestatzen.
Ekimenak Laboratorium Museoaren babesa jaso du eta Santa Marina parrokiako arduradunek laguntzeko erakutsitako prestutasuna ere azpimarratu dute.