Elikagaiak bilduko dituzte, apalak betetzeko

Uxue Arakama 2025ko mai. 23a, 13:18

Elikagai bankuko biltegian egoera kezkagarria bizi dute; izan ere, maiatzaren 23an eta 24an egingo den udaberriko bilketan 350.000 kilo bildu ezean, ezin izango dira hurrengo hilabeteetako banaketak bermatu.

Gipuzkoako Elikagai Bankuko biltegiak hutsik daudela jakinarazi dute Gipuzkoako Elikagai Bankuak eta Aldundiak. Gauzak horrela, Biltegia hutsik dago lelopean egingo den udaberriko bilketan parte hartzeko deia zabaldu diete herritarrei. Asteburu honetan egingo da hori, maiatzak 23 eta 24, eta funtsezkoa izango da, 17.000 pertsonari baino gehiagori udazkenera arteko elikagaien banaketa bermatzeko.

Elikagai Bankuak bizi duen egoera kritiko horrekin lotuta, Belen Mendez de Vigok –Gipuzkoako Elikagai Bankuko presidentea– eta Jose Ignacio Asensiok –Jasangarritasuneko forudiputatua– "elkartasuna" eskatu zieten gipuzkoarrei, astelehenean. Donostian egindako prentsaurrekoan. Mendez de Vigok azaldu zuenez, "udaberriko kanpainan, gutxienez, 350.000 kilo bildu behar dira. Hori lortu ezean, ezingo ditugu banaketak bermatu datozen hilabeteetan".

 

Hainbat faktorek eraginda

Zerk eragin du egoera hori? Baliabideen galerak. Izan ere, 2022a ezkero, hainbat oztopo bizi izan ditu Elikagai Bankuak. Alde batetik, Europako laguntzen amaiera; 2023 eta 2024. urteen artean, Europako funtsetatik (EGIF+)  400.000 kilo elikagai jasotzeari utzi zioten. Horren ordez, diru-txartel formula ezarri zen, baina horrek ez ditu familien beharrak asetzen, inondik inora ere. Bestetik, dohaintza ekonomikoen beherakada izan da. 2025eko lehen hiruhilekoan 70.000 euroko jaitsiera izan dute Gipuzkoako Elikagai Bankuak egiten dituen erosketek, 2024ko garai berekoekin alderatuta. Bilketa handien jaitsiera ere badago arrazoien artean; 2024ko kanpaina 2022koa baino %22 txikiagoa izan zen. Eta, azkenik, Azken Minutua programaren jaitsiera; bilketa-puntu gehiago daude, baina, egoera hobetzetik urrun, 70.000 kilo gutxiago bildu dira bilketak egiteko garaian.

Gaur egun, Elikagai Bankuak 17.202 pertsona artatzen ditu Gipuzkoan. Gizartean bizi diren zailtasunen jakitun, berriz ere gipuzkoarren etengabeko elkartasuna eskertu zuen Mendez de Vigok joan den asteleheneko prentsaurrekoan.

ELKARRIZKETA

Jose Mari Beitia Elikagai Bankuak Bergaran duen biltegiaren ordezkarietako bat da, eta momentuan bizi duen egoera larriaren berri eman dio GOIENAri.

Zein egoeratan dago Bergarako biltegia?
Gure apalategiak hutsik daude, zeharo hutsik. Normalean, hilean 14.000-15.000 kilo gabiltza ematen, eta, gaur egun, 6.000 kilo bakarrik ditugu. Hilabete baterako eskas-eskas daukagu.


Zergatik gertatu da hori?
Azaroan egiten dugun kanpainan 300.000-350.000 kilo gutxiago batu genituen, Valentziako tanta hotza zela eta. Asteburu honetako bilketan derrigor behar ditugu, bestela ez daukagu lotea jaistea baino beste erremediorik, eta hori ez genuke nahi. Hori da arazoa.

Inoiz bizi al duzue horrelako egoerarik?
Bai; horrela egon ginen pandemia pasatu eta hurrengo urtean, 2022an. Orduan, are gogorragoa izan zen. Irailean zeharo hutsik gelditu ginen.


Nola konpondu zenuten egoera hura?
Gure presidenteak, Belen Mendez de Vigok, laguntasuna eskatu zuen Espainiako Elikagai Bankuen Federazioan  (FESBAL), eta 100.000 euro eman zizkiguten. Horri esker lortu genuen egoera hari aurre egitea.


Bilketak noiz eta non egingo dira?
Maiatzaren 23an eta 24an egingo dugu udaberriko bilketa.
Supermerkatu eta denda guztietan egin nahi dugu bilketa. Baina gauza bat da guk zer nahi dugun eta beste bat dendak zer esaten duten. Hala ere, udaberriko bilketa honetan,  sekula baino denda gehiagotan hartuko da parte.

Zenbat boluntario izango zarete?
Boluntarioak lortzea problema handiagoa izaten da. 300-400 pertsona beharko genituzke dena ondo eramateko. Ari gara batzen, poliki-poliki. Gustura hartuko genuke jendea boluntario. Nahi duenak 943 76 21 90 telefonora deitu, eta bertan hartuko dizkiote datuak. Ondoren, dei bat jasoko dute behar duten informazioarekin. Bestela, bergara@bancoalimentosgipuzkoa.org helbidera mezua bidali.


Zein produktu dira premiazkoenak?
Olioa, umeentzako fardelak, arroza... Egunerokotasunean etxean sukaldean erabiltzen ditugun produktu normalak, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak