Museoen Nazioarteko Eguna da gaur, eta, hori aitzakiatzat hartuta, Historium karta-jokoaren aurkezpena egin dute Laboratorium Museoan. Aurrerantzean, horrenbestez, "Bergarako ondarearen erakusle den karta-joko propioa" izango du Laboratoriumek, "Bergarari, Seminarioari eta museoak berak gordeta duen ondare historikoari" buruzkoa, Rosa Errazkinek, Laboratorium Museoko zuzendariak, adierazi duenez. "Karta-joko honek aukera ematen du Bergarako historiako gertaera batzuk ezagutzera emateko, protagonista ezagunak eta asmazioak, beste modu baten bidez; kasu honetan, karta-joko batekin". Gainera, erantsi du publiko orokorrari zuzenduta dagoela jokoa, eta helburu dutela "modu dibertigarri eta dibulgatzaile batean" ezagutaraztea historia: "Gazteenek herriaren historia modu ludiko batean ezagutuko dute, eta nagusiagoek gertakariak gogoratuko dituzte".
Manex San Sebastian ilustratzaile donostiarrak ondu du karta-jokoa, eta, aurkezpenean azaldu duenez, "oso pozik" dago emaitzarekin: "Urtebete inguruko prozesua izan da: Rosa ezagutu nuen unean proposatu nion ideia, eta hitz egitearekin batera hasi ginen zehazten zenbat karta egingo genituen, zeintzuk izango ziren...". Hala, azkenean, gertaera, pertsonaia edo asmazio ezberdinak dituzten 50 kartaz osatutako jokoa sortu dute: "Helburua da karta horiekin guztiekin denbora lerro bat osatzea: txanda bakoitzean nork bere karta jarri beharko du, eta karta guztiak lehenengo jartzen dituenak irabazi egingo du".
Ilustrazioen zehaztasuna
San Sebastianen hitzetan, karta-jokoa osatzeko lana "polita" izan da, marrazkilaria den heinean horrelako proiektu bat gauzatzea "sekulakoa" dela iritzita: "Halere, egia da izan ditudala zailtasun batzuk zein eta nola margotu jakiteko; izan ere, ilustrazio zientifikoak dakarrena da gauza asko ja ez daudela, asmatu egin behar direla, baina zehaztasun historikoarekin". Horretarako, Errazkinen laguntza ez ezik, Irati Alberdi bergararrarena izan du, eta talde lanean aritu dira: "Eurak baitira adituak, eta ni marrazkilaria".
Hala, karta-jokoa eskuratu nahi duenak, 15 eurotan eros dezake Laboratoriumeko dendan, eta Bergarako hainbat hezkuntza zentrotan eta elkartetan ere banatuko dutela azpimarratu du Errazkinek. Gainera, Sen Sebastianek ez du baztertu jokoa handitzeko aukera: "Hasieran uste genuen 50 karta gehiegi izango zirela, baina gerora ikusi dugu gauza pila bat daudela: hurrengo urteetan gauzak sor daitezke, karta gehiago egin, eta, azkenerako, tako handi bat osatu eta gehiago jolastu".
Museoen funtzioa
Museoen Nazioarteko Egunean ez ezik, Laboratorium Museoaren hamargarren urteurreneko ospakizunen programaren baitan egin da gaurkoan aurkezpena, eta "museoak etorkizuna eraikitzeko bitartekari aktiboak" direla aldarrikatu du Errazkinek: "Zientzia gizarteratzeko eta gizartea zientzian murgiltzeko zubiak dira, ezagutza eskuragarria eta partekatua sustatuz". Haren hitzetan, museoak "kultura, hezkuntza, ezagutza, jakintza eta kooperazioa" dira, baina ez hori soilik: "Museoak gizarte eragile dira: eraldaketa sozialetan, teknologikoetan eta ingurumen aldaketetan beren ekarpena egiten dabiltzan entitate aktiboak. Laboratorium Museoa horren guztiaren erakusle da".