Berener Bergarako energia berriztagarrien komunitateko bazkide laguntzaile egin da Fagor Taldea. Sinatu berri duten hitzarmenarekin, 145.000 euroko ekarpena egiteko konpromisoa hartu du kooperatiba taldeak. Akordioaren berri emateko, San Martin eskolaren atarian elkartu dira Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradun Aritz Otxandiano eta Berener komunitateko presidente Arianne Kareaga.
Diru ekarpenaz gain, bidelagun
Otxandianoren arabera, trantsizio ekosozialaren eta iraunkortasunaren bidean, "sakon" landu beharreko gaia da trantsizio energetikoarena, eta dio herriz herri sortzen ari diren energia berriztagarrien komunitateak "inportanteak" direla lan horretan. Horregatik, diru ekarpen soilaz harago, Berenerren bidelagun izan nahi du Fagorrek: "Energia komunitateek ekarpen garrantzitsua egiten dute bide horretan, berriztagarrietan oinarritutako bidezko eredu bat bultzatzen baitute, demokratikoagoa, herritarren ahalduntzerako baliabideak eskaintzen dituena... Halako egitasmoak laguntzeko erabakia du hartua Fagorrek".
2022an sortu zen Berener, eta, ordutik, "hainbat urrats" egin ditu energia berriztagarrietan burujabe izateko helburuarekin. Tartean, bergarar guztiei zuzendutako bazkidetza kanpaina abiarazi zuen 2023an. Horri esker, 72 bazkide erabiltzaile eta hiru bazkide laguntzaile ditu gaur egun, eta gehiago izatea da helburua. "300 bazkide erabiltzaile inguru batzea da erronka, Berenerren eguzki-plaken instalazioen ekoizpena ahalik eta etxebizitza gehienetara hel dadin", aitortu du Kareagak.
Bi bilera ireki deitu dituzte; maiatzaren 12an, Osintxun; eta maiatzaren 13an, udaletxean (18:30)
Bazkide berriak erakartzeko asmoz, bi bilera ireki deitu dituzte: maiatzaren 13an, Osintxuko Txuringo elkargunean egingo dute bilera (18:30); eta hilaren 14an, berriz, udaletxeko osoko bilkuren aretoan elkartuko dira (18:30). Honela azaldu du Kareagak zertarako deitu dituzten bilerok: "Ondo azaldu nahi dugu zer den Berenerreko bazkide izatea, eta, horrez gain, instalazio zehatzetarako hornikuntzetara lotu nahi duen herritarrari ere azalduko zaio zein konpromiso hartu eta zein ekarpen egin beharko duen".
Eskola, Osintxu eta Labegaraieta
Asmoa da San Martin eskolako teilatuan eta Osintxuko zein Labegaraietako etxebizitza batzuetan eguzki-plakak jartzea. Hiru azpiegitura horiek martxan jarrita, 175 kilowatt izango lituzke Berenerrek; alegia, 0,5 kilowatteko potentziako paketeekin, 335 etxebizitza eta negozio txiki hornitzeko beste. Dena ondo bidean, uztailean jarriko lirateke San Martin eskolako plakak, uda ostean erabilgarri egon daitezen, eta udazkenean zehar, berriz, jarriko lirateke Osintxuko eta Labegaraietako plakak.
Berenerren esker ona
Fagor Taldearen eta Berener kooperatibaren arteko hitzarmena Debagoiena 2030 iraunkortasun sarearen barruan kokatu behar dela azaldu dute bi aldeek; Kareagak esker ona adierazi die hasieratik ondoan dituzten bidelagunei, eta, orain, bereziki, Fagor Taldeari: "Hasieratik adierazi ziguten prest zeudela hainbat planotan kolaboratzeko, eta guretzat oso garrantzitsua da hori. Gainera, eskualdean dauden beste energia komunitateekin saretzen eta nolabaiteko lotura finkatzen ere lagunduko digu".
Ezin da ahaztu Fagor bazkide laguntzaile dela Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako Ekiolan eta Elgetako Ixotxenen: "Debagoieneko energia berriztagarrien komunitateak babesteko eta laguntzeko apustu irmoa egin dugu".