Debagoieneko udalekin dauka sinatuta hitzarmena Elurra txakurrentzako aterpeak, Aramaiokoarekin izan ezik. Udaltzainek jakinarazten diote bertako arduradunari kalean edo mendian galdu den txakurren bat topatzen dutenean. "Lehenengo eta behin, txipa aztertzen dute, jabearekin kontaktatzeko. Denbora bat pasatzen bada eta jaberik ez bada agertzen, txakurtegiarekin jartzen dira harremanetan, eta bertara ekartzen ditugu. Albaitariari hots egiten diogu, bizkarroiak hil ditzan eta azterketa orokorra egin diezaien", azaldu du Jon Ugartek.
Hura da duela bi hilabetetik Elurrako arduraduna, Axen Garitanoren testigua hartuta. 30 urte eman ditu ogibide horretan Garitanok, eta, behin jubilatuta, lana esku onean utzi duela dio: "Hainbatek erakutsi didate erreleboa hartzeko interesa, txakurrak maite izanez gero lan polit-polita da eta. Jonek, besteak beste, txakur hezitzaile eta albaitari laguntzaile ikasketak ditu; ondo prestatuta dago, beraz".
Elurrako apopilo berriak jarduerara moldatzen dabilela adierazi du. Gaur egun, hogei txakur inguru zaintzen ditu, 66rentzako tokia dagoen eremuan. Hainbat dira egunerokotasunean egin beharreko lanak: "Jatekoa eman, ura aldatu eta kaiola garbitzea da lehenbizikoa. Gero, belardira ateratzen ditut, usainketa eta mastekatze-ariketak egitera, eta lasaitu egiten dira. Txakurrek elkar ezagutzea ere garrantzitsua da haientzat, baita niretzat ere, norekin egon daitezkeen ikusten dudalako".
66 TXAKURRENTZAKO TOKIA DAGO ELURRAN, ETA OPOR GARAIAN BETETZEN DA, BEREZIKI
Opor eta festetan, gora
Txakur handientzako eremu bat eta ertain-txikientzako beste bat daukate atonduta. Egoitza zerbitzu "txikia" ere ematen dute, jabeak oporretara doazenerako. Ea urtean zehar txakur gehien jasotzen duten garairik ba ote dagoen galdetuta, Garitanok aipatu du, oporraldiez aparte, herrietako festetan ere egiten duela gora kopuruak. "Ohikoa baita etxafuegoekin beldurtu eta ihes egitea", zehaztu du. Herriz herri, Arrasaten topatzen dituzte txakur gehienak, "aldearekin". Esaterako, iaz hango bost txakur jaso zituzten, eta duela bi urte hamaika. Denera, zazpi txakur iritsi zaizkio Ugarteri martxo hasieran lanean hasi zenetik.
Hala, adopzioan hartzeko txakur ugari egoten dira beti, eta batzuk "bospasei urte" ere bizi daitezke txakurtegian. Helburua etxe berri bat eskaintzea izanik, interesa dutenek Elurra txakurrentzako aterpearekin harremanetan jarri eta galdetegi bat bete behar dute, "zer-nolako txakurra nahi duten jakiteko eta eskatzaileen asmoa eta egoera zein den ezagutzeko".
Gutxitu arren, abandonuak kezkagai dira
Aste Santutik hona lau txakur berri jaso ditu Elurran Jon Ugartek: "Esperotakoak baino gehiago". Berehala erantzun dio Axen Garitanok "zortea" izan duela, "lehen kalean aurkitutako txakur gehiago" iristen zirela iritzita. Lau txakur horietako bi jabeekin itzuli dira, eta beste biek oraindik han jarraitzen dute. "Txipik ez zeukatenez, ezin da jabea identifikatu", zehaztu du Ugartek.
Legez, txakurrari txipa jarri behar diote jabeek. Bi zaindariak bat datoz, eta betebehar horrek abandonatuen kopuruaren beherakadan lagundu duela diote. "Horrekin batera, kontzientziazioa ere hobetu da, orokorrean; hala ere, oraindik badira zaintzak zenbaterainoko lana eta konpromisoa eskatzen duen konturatzen ez diren jabeak. Arazoen aurrean, batzuk nekatu egiten dira eta baztertu egiten dituzte".