Gaurtik aurrera ilustrazio zientifikoa ardatz duen Carles Puche ilustratzailearen Hitzik gabe dibulgatzea erakusketa dago ikusgai Bergarako Laboratorium Museoan. Puche erabateko erreferentea da diziplina horretan, eta, besteak beste, Valentziako unibertsitatearentzat, National Geographic-entzat, Bartzelonako Zientzia Museoarentzat eta Balear uharteetako Gobernuarentzat lan egin du.
Erakusketan Carles Puche ilustratzaile zientifiko ezagunaren azken 40 urteetako jardunean barneratuko da bisitaria. Marrazkiak egiteko Pucheren teknikak erakusten dira, eta baita paisaia edo ikerketako marrazki zientifikoen, antropologikoen, zoologikoen edo botanikoen irudikapena. Puchek azaldu duenez, zientzia marrazten egindako bere ibilbidean, hasieran gehien erabili dituen teknikak koloretako arkatzak, eta ostean, tinta txinatarra, grafito-arkatza eta akuarela izan dira. Erakusketan, leku berezia du 1980az geroztik jardun duen bere irakasle lanak, garai hori gehien poztu duena dela nabarmendu du Puchek.
Gaurko hitzartzean nabarmendu du azken 10 urteetan Laboratorium Museoan eman dituen ilustrazio zientifikoari buruzko tailerrak, eta gogoan izan du ateak zabaldu zizkion Iñaki Irizar.
Euskal Herriko Unibertsitateko Ilustrazio Zientifikoko Masterretik, Maren Ortiz Zarragoitia zuzendarikidea Carles Pucheren pasioaz eta konpromisoaz aritu da. Aipatu du, masterra oraindik proiektu zenean Puche proiektuan sartu zela esate hutsa nahikoa izan zela beste irakasle batzuk batzeko, Carles Pucheren esperientzia eta gomendioak guztiz beharrezkoak izan zirela graduondoa zenari forma emateko.
Omenaldia Carles Pucheri eta Carmen Moreri
Carles Puche eta Carmen Moré omendu dituzte inaugurazio ekitaldiaren bukaeran, eta bertan izan dira Pucheren familia, masterreko ikasle eta irakasleak, ikasle ohiak, eta Laboratorium Museoan eskaintzen den Ilustrazio Zientifikoko ikastaroko partaideak. Bergarako Udaleko ordezkari Ainhoa Letek, Rosa Errazkinek eta Vega Asension oroigarriak eman dizkiete biei bien ibilbide profesionalari eta pertsonalari aitortza eginez. Vega Asensioren aldetik komunitatearen esker ona jasotzen duen liburuxka jaso dute.
Agurra ere egin diote, baina berezia izan da Carles Pucheren ikasle-ohi izandako Ane Ibargoyen dantzariak dantzatu baitu.
Ostean, bisita gidatua egin dute Carles Pucheren eskutik, erakusketaren xehetasunak gertutik ezagutzeko.