Beñat Rezustak (Bergara, 1993) aste barruan herriko frontoian egindako hitzorduan komunikabideen aurrean gizonezkoen Eskuz Binakako txapela pozarren erakusten zuen bitartean, beste herrikide bat, Arrate Bergara (Tutera, 2001), domekan Oiartzunen (12:00) jokatuko duten emakumezkoen Eskuz Binakako finalera begira zegoen jada. Minutu gutxi batzuengatik ez zuten bi pilotariek frontoian bat egin, Rezustak bestelako konpromisoak zituen-eta komunikabideekin.
LEHENENGO TXAPELA IRABAZI ETA ZORTZI URTERA ETORRI DA HIRUGARRENA REZUSTARENDAKO
Hala, Tuteran jaio baina Bergaran bizi den pilotari gazteak segituan hartu dio erreleboa Rezustari; Aspeko pilotariak irabazi berri duen txapela nahi du Arrate Bergarak, eta Bergarako pilotarendako historikoa izango litzatekeen astea borobildu. "Olatz Arrizabalagak eta biok finalerako txartela irabazi genuenetik saiatu gara apur bat deskonektatzen [22-15 irabazi zieten Zabaleta-Osesi], baina egia da bi aste daramatzagula buruan domekako partidua besterik ez daukagula", dio, irribarre batekin. Eta ez ditu asmoak gordetzen, gainera: "Txapela horren gertu izanda, garaipenaren bila joan behar dugu, zalantza barik".
Erreferentea du aurrean
Arrate Bergarak eta Olatz Arrizabalak oso bikote osoa osatzen dute. Emakumeen eskupilotan historia egiteko bidean da Arrizabalaga, domekan seigarren aldiz irabaz dezake-eta Binakakoa. Bergarako atzelariarendako, berriz, txapelketa horretako lehenengo finala izango da: "Hori du Olatzekin bikotea osatzeak, txapela irabazteko faborito bilakatzen zarela, sekulako maila duen pilotaria duzulako ondoan; eta horrek badakar presio apur bat ere. Egia esan, hilabete hauetan izugarri ikasi dut Olatzen ondoan jokatuta. Zelan entrenatzen den, zein inplikazio maila duen, egunerokoan zein langilea den... Gozamena da harekin bikotea osatzea, oso gustura ibili naiz".
Kontrarioak ere gogorrak
Hori bai, Oiartzunen kontrario gogorrak izango dituzte, Arraizak eta Gamindek osatutakoak kontuan hartzekoa dela berretsi du eta –Etxegarai-Arrillagari 22-16 irabazi zieten–. "Gaminde izango da pilotari guztien artean atzelari erregularrenetako bat, eta Arraiza oso ondo dabil aurrean; bikote jotzailea da, eta badakigu saiatuko direla jokoa atzean kargatzen. Horri eutsi egin beharko diot, baina guk ere baditugu gure armak, eta horiek erabiltzen saiatu beharko dugu. Hain zuzen, finalerdietako ligaxkan partidu gogorra jokatu ondoren eurei irabazteko kapaz izan ginen; horrenbestez, konfiantza izan behar dugu".
ESKUZ BINAKAKOAN SEI TXAPEL DITUEN ARRIZABALAGA DU BIKOTEKIDE ARRATE BERGARAK
"Arantza ateratzera"
Bergarakoak badu arantza bat ateratzeko gogoa; izan ere, ez du ahaztu Udako Txapelketako finalean Gaminderen kontra galdu egin zuela. "Presioak eraginda jokatu nuen, ez nuen onena ematerik, izan urduri ibili nintzen eta. Eta nahiko nuke domekan presio hori hobeto kudeatu eta nire onena eman". Hori lortzea, baina, ez da erraz egin daitekeen gauza bat. "Badakigu partidu berezia izango dela, ikusmina sortzen duela, telebista egongo dela... Baina saiatzen naiz burua apur bat kanpo mantentzen, beste partidu bat gehiago izango balitz bezala".
Rezustarendako hirugarrena
Rezustak dagoeneko kendu ditu gainetik orain momentuan Arrate Bergarak sabelean dituen kirio eta larritasunak. Eskuz Binakakoan Aspeko pilotariak bost aldiz bizi izan du finalaren atarikoa, eta final guztiek ez dute amestutako amaiera izan, baina bai gehienek. Izan ere, bost finaletatik hiru irabazita, eskuz binakakoari dagokionez Rezusta dagoeneko euskal pilotari nabarmenen multzoan sartu da; hiru txapel dituztenen taldean dago jada. Eta hor daude, besteak beste, Ezkurdia, Olaizola II.a, Xala, Salva Bergara, Joxean Tolosa eta Oskar Lasa pilotariak.
Duela zortzi urte lehena
Binakako lehenengo txapela 2017an jantzi zuen Rezustak, Irribarriarekin bikote eginez. Lehenago, 2016an, Urrutikoetxearen eta Olaizola II.aren kontrako finala aurreikusi baino lehenago amaitu behar izan zuten, markagailuak 10-10 erakusten zuela Irujok min hartu zuen-eta atzamar batean; 2018an finala galdu zuen, Elezkanorekin bikotea osatuta, baina 2019an atera zuten arantza biek, txapela irabazita –bigarrena Rezustarendako–. Eta oraingoa izan da hirugarrena, Ezkurdiarekin. "Lehenengo txapelak ilusio handia egin zidan. Baita bigarrenak ere. Bi haiek oso jarraian irabazi nituen. Ostera, sei urte pasa dira berriro final batera sailkatzeko eta halako egun batek sorrarazten dizunaz disfrutatu ahal izateko. Baina azkena Ezkurdiarekin irabazi izanak oso berezi egiten du. Asko disfrutatu dut txapelketa osoan Josebarekin: jokatzen, entrenatzen, frontoitik kanpo...".
Neke aurpegiarekin baina irribarretsu zen martitzenean. "Domekan lortutakoa barneratzen ari naiz oraindik. Lehia oso gogorra eta intentsitate handikoa izan zen. Mariezkurrenaren azken pilotakada txapa behera joan zenean, sekulako poza sentitu nuen. Poza eta lasaitasuna. Txapelketa oso erregularra egin dugu, eta pozik eta harro egoteko arrazoiak genituen. Finalak irabazteko daudela esan ohi da. Oraingoan, premisa hori bete dugu".
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!