Jesse Maris (Essax-Svico Foundation) estatubatuarra garaile Gorlako igoeraren 50. edizioan

Gontzal Belategi Zubia 2025ko mar. 30a, 16:25

Domekan jokatu zen Gorlako igoeraren 50. edizioa, eta Jesse Maris (Essax-Svico Foundation) estatubatuarrak lortu zuen txapela janztea. Pedri Crause (Natural Greatness) izan zen bigarrena eta Unai Ramos (Finisher) hirugarrena. Unax Errasti (Finisher) izan zen Debagoieneko txirrindulari azkarrena.

200 txirrindulari elkartu zien domekan, 10:00etan, Bergarako San Martin Agirre plazan, Gorlako igoeraren 50. edizioan parte hartzeko. 114 kilometro zituen aurtengo lasterketak, eta lau mendate igo behar izan zituzten txirrindulariek: Gorla, Deskarga, Asentzio eta Gorla bigarrenez. Lokatzako kide den Ion Unamunok azaldu duenez, hainbat berrikuntza sartu nahi izan zituzten aurtengo lasterketan: "Hasieratik planteatu genituen hainbat berrikuntza, tartean, hasiera motzagoa eta Asentzioko igoera".

Ezohiko lasterketa

Berrikuntzek hainbat ezusteko sortu zituzten, ezohiko Gorlako igoera bat utziz. Aitor Agirrek eta Jorge Gonzalezek (Euskadi Fundazioa), Vicent Izquierdok eta Alejandro Bavierak (Ulevel Frutamine), Charles Gennerrek eta Aimar Alarciak (Telco), Diego Herranek (Grupo Eulen), Nicolas Garciak (Electro Alavesa), Mikel Uncillak (Caja Rural – Alea), Ganix Ormazabalek (Eibar) eta Hector Pindadok (Gomur) ihesaldia jo zuten hasieratik, eta tarte batzuetan bost minutuko aldea ere atera zioten pelotoiari.

Hala ere, tropelean zihoazen txirrindulariek ondo egin zuten beraien lana, eta garaipena Jesse Marisek eskuratu zuen. Honela azaldu du Unamunok lasterketan ikusitakoa: "Uste genuen hasierako tarte motz horretan denak tropelean joango zirela, hankak berotzeko, eta sorpresa izan da; azkenean ihesaldi bat egon da eta lasterketa zeharo aldatu da. Pelotoiak ondo kontrolatu du ihesaldia eta azkenean pelotoiko txirrindulariek irabazi dute".

Etenaldia erorikoen eraginez

Lasterketa baldintzatu zuen beste uneetako bat honen neutralizazioa izan zen. Zumarragako tunelean erorketa bat izan da eta txirrindularietako batek ezkerreko klabikula apurtu zuen. Honen eraginez, txirrindularia Zumarragako ospitalera eraman behar izan zuten anbulantzian. "Honegatik egon da geldiunea, azkenean, anbulantzia gabe ezin da lasterketa gauzatu, eta beraiek itzuli arte geldik egon gara".

Zaletuen babesa 50. urteurrenean

Urtemuga ospatzen zuen Gorlako igoerak, eta Lokatzako kideek berezi egin nahi izan zuten lasterketa. Horretarako, Gorlako mendatean, helmugaren ondoan, pantaila bat jarri zuten zuzenekoa ikusi ahal izateko. Horrekin batera, jolasak ere antolatu zituzten, zaletu gazteenen gozamenerako. Horretarako, antolakuntza talde zabala osatu behar izan zuten: "Emozioz bizi izan dugu. Gorlako igoera berezia izaten da guretzat, eta aurten, 50. urteurrenarekin zerbait berezia egin nahi izan dugu. Jende pila bat egon da laguntzen, batzuk haurrendako jolasak egiten beste batzuk zuzenekoa egiten, helmugako propaganda berritzen,... Jende asko egon gara, 100dik gora".

Zaletuek ez zuten hutsik egin, eta zuzeneko emanaldian Gorlako mendatean zehar 1.000 pertsona inguru zeudela iragarri dute. Unamuno pozik agertu da lasterketak jasotako babesarekin: "Horrenbeste jende ikustea, horrenbeste ume, denak helmugan hesiak kolpatzen ikustea pozik daudelako... Guk hau gustatzen zaigulako egiten dugu, eta erantzuna dagoenean beti egoten gara pozik".

Hainbat saritu

Hainbat sari banatu zituzten Gorlako igoeraren edizio honetan. Jesse Marisek (Essax-Svico Foundation) irabazi zuen aurtengo txapela. Honen atzetik Pedri Crause (Natural Greatness) eta Unai Ramos (Finisher) gelditu ziren. Diego Herranek (Grupo Eulen) irabazi zuen Gorlako lehen igoera azkarren egiten duen txirrindulariak jasotzen duen Malatu saria. Mendiko saria berriz Aimar Alarciak (Telco) irabazi zuen. Unax Errasti antzuolarra izan zen debagoiendar azkarrena, eta talde onena berriz Rias Baixas.

Erlazionatuak

Gorlako Igoerako argazkirik onenak

Josu Bilbao Atxutegi mar 30 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak