Gaurtik, Laboratorium museoaren erakusketa iraunkorrak Ipar Atlantikoko sardako balearen –Eubalaena glacialis– inguruan sakontzen duen modulu interaktiboa dauka. Gaur goizean izan da aurkezpena eta bertan izan dira, prozesuan zehar parte hartu duten enpresa eta eragileetako ordezkariak: Laboratorium museoa, Wasabi Produccion–moduluaren diseinua eta elementu interaktiboen ekoizpena–, Expomon –fabrikazio fisikoa–, Fernando Baptista –ilustratzaile zientifikoa–, Tekniker, Artez Zaharberritze enpresa eta Donostiako Aquariuma.
Errege Seminarioko ganbaran aurkitu zuten 11 metro inguruko euskal bale baten hezurdura, eta hasierako asmoa osorik jendaurrean jartzea bazen ere, leku faltagatik ez da posible izan. Laboratorium museoko zuzendari Rosa Errazkinek adierazi du "pena" izan dela balearen eskeletua osorik ez jartzea: "Pena bat da, baina, tira. Fotogrametria edukiko dugu eta aukera ezberdinak izango ditugu erreplika fisiko bat egiteko. Bestela, museoa handitu beharko da, espaziorik ez baitago barruan kokatzeko".
Bitan banatutako modulu interaktiboa
Hala, hezurdura osoko orno bat ikusi daiteke. Artez Zaharberritze estudioko Maite Fernandez aritu da zaharberritze lanetan, eta berak aukeratu du ikusgai dagoen pieza. Dioenez, "oso pieza bitxia" iruditu zitzaion dituen forma eta konplexutasunagatik: "Nire lehen esperientzia izan da baleraren munduan eta oso ikusgarria iruditu zitzaidan". Fernandezen esanetan, beste hezurrekin alderatuta, "egoera onean" zegoen.
Balearen hezurrak digitalizatzeko prozesuan, hezurrak manipulatzeko ardura izan du kontserbazioa bermatzeko. Zaharberritze lanetan, pieza hori garbitu egin du, eta egitura sendotu. "Ez dakigu nondik datozen, baina pentsa dezakegu lurpean zeudela, eta, gero, Seminariora ekarri zituztela. Seminarioa utzita egon zen eta hor zikindu egin ziren. Egiturak bazituen gabeziak eta horiek sendotu ditut", adierazi du Fernandezek.
Modulu interaktiboan zentratu da Tekniker, eta hango metodologia unitateko ikertzaile Alberto Mendikutek azaldu du teknologia ondarera bideratu nahi dutela, eta proiektu hau izan dela "lehen harribitxia". Fotogrametria bitartez, hezurdura digitalizatu dute. Teknika horri buruz, honakoa gaineratu du: "Argazki ezberdinak ateraz, gorputz batn kopia digitala sortu dugu. Behin kopia digitala izanda, ahalbidetzen du bere ikerketa beste zentzu eta zehaztasun batekin egitea. Museo honetan ikusi ahal izango den moduan, teknologia inmertsiboekin eta interaktiboekin; kasu honetan, balearen hezur eder bat, inoiz ikusi ez den modura ikusteko".
Ornoa fotogrametria bidez digitalizatzeko, 4.000 argazki atera behar izan dizkie piezari. Ikertzailearen arabera, "oso geometria konplexua" zeukan, eta interes handia zeukaten geometria "oso ondo gordetzeko": "Horren emaitza orain ikusi dezakegu museoan 3D zehatz eta zehaztasun bermatu batekin zentru metrologikoan".
Dibulgaziorako bidea
Laboratoriumeko zuzendariak hausnarketa egin du galdetuz ea zer egiten zuen balearen hezurdura oso baten Bergaran: "Bergarako Errege Seminarioko ganbaran zegoen hezurdura pila guztia abandonatuta, baina bere garaian zientzia egiteko beste ale bat gehiago zen. Natur-zientzien inguruko hezkuntza zentro ikaragarria eta ikerketa ikaragarria izan zen Bergarako Errege Seminarioa. Bertako altxor bat da, zientzia egiteko pieza bat da".
Hala, Bergarako alkate Gorka Artolan gaineratu du euskal balearen modulu interaktiboa museoak dibulgazio zientifikoan emadako beste urrats bat dela: "Uste dugu urte askoan biltegian egon den balearen hezurdura horri balioa ematea moduluaren bidez, eta digitalizazioaern bidez egiten ari garen elkarlanarekin aukera handiak zabaltzen ditu museoak".