1975ean Bergara Txirrindulari Elkarteko Ilzarbe, Arrieta, Juaristi, Agirregabiria eta konpainia Gorlako Igoera antolatzen hasi zirenetik asko aldatu da lasterketa. Lehenengo 25 edizioetan lasterketa motza izan zen, bederatzi kilometro ingurukoa; Bergarako plazan hasi eta Gorlan amaitzen zuten proba. Eta aurreko kuadrillak erreleboa eskatu zuenean hartu zuten Gorlako Igoera antolatzen jarraitzeko ardura Lokatzako ordukoek: Pello Garitanok, Jose Mari Gabilondo Malatu-k, Miguel Angel Laspiurrek, Miguel Angel Larrañagak, Jesus Kortabarria Kaxeta-k eta Juan Mari Aranzabalek, besteak beste. "Alberto Contadorrek irabazi zuen lasterketa izan zen modu horretara –9 kilometroko igoera– antolatu genuen azkena –2001ean–. Hurrengo urterako lasterketa 90 kilometrokoa egitera pasa ginen. Izan ere, konturatu ginen Gorlako Igoera egin ahal izateko ziklistek ordu eta erdi inguru egiten zutela bizikleta gainean berotzen, igoera motza eta oso azkarra zelako, eta erabaki genuen horretarako hobe zela lasterketa hasieran kilometro batzuk lautadan egitea, ziklistak berotu zitezen", dio Kaxeta-k.
Lasterketa streamingez eskainiko dute, Gorlan pantaila erraldoia egongo da, eta 'goiena.eus'-en ikusi ahal izango da
Modu horretara, 2002an Gorlako Igoera 90 kilometroko lasterketa izatera pasa zen, eta ziklistek birritan igotzen zuten Bergarako mendatea. Hala, edizio batzuetan Urola bailaratik itzulia Deskargatik beharrean Udanatik ere egin izan dute. Eta domekan (10:00, San Martin plaza), berriz, berritasun handi bat izango du probak, inoiz baino mendate gehiago izango ditu-eta, lau guztira. Izan ere, Gorlako bi igoerekin eta Deskargarekin batera ziklistek Asentzioko maldak izango dituzte zain.
Zuzendariendako buruhaustea
Hori aitortu dio GOIENAri gaur egungo presidente Ion Unamunok, taldeko zuzendariak estutasunetan jartzen saiatu direla. "Bereziki, talde indartsuetako zuzendariak nahi ditugu estutasunetan jarri. Izan ere, orain arte, talde sendoek erraztasunak zituzten lasterketa kontrolpean eramateko, baina orain ez dago garbi Asentzioko malden aurrean taldeek zein jarrera izango duten".
50. ediziorako, ibilbidea gogortu egin dute, Asentzio gehituta, 96. kilometroan
Hala, ibilbide berria zaintzen, Gorlan goiz osoko egitaraua antolatzen eta lasterketa streaming-ez emititzen 100 lagun baino gehiago ibiliko dira domekan lanean. Alde horretatik, bai Kaxeta-k eta bai Unamunok gauza bera nabarmendu dute: "Gorlak izena baldin badauka lasterketa irabazi dutenek ondoren egin duten bideagatik izan da, palmaresak egiten du lasterketa hori handi, txapeldun handiak pasa dira-eta hemendik. Baina, zerbait nabarmentzekotan, lasterketa posible izan dadin lan egiten duten horiek nabarmenduko genituzke, atzean sekulako lana dago eta. Proba antolatzen, errepideak zaintzen, aurten streaming-a egiten... Halako hitzordu bat antolatzeko lagun horien lan boluntarioa ezinbestekoa da".
Alberto Contadorrena da errekorra
Gorlako Igoera irabazi duten izenen artean dago Alberto Contadorrena, eta, gainera, Pintokoak du igoerako errekorra (20.30). Madrildarrak sare sozial bidez bidali du mezua. "Zorionak 50. urteurrren horrengatik, sekulako oroitzapenak etortzen zaizkit 2001eko edizio hartatik. Gogoan dut bezperan oso urduri nengoela, esan zidatelako lasterketa irabazten zuena profesionaletara pasatzen zela. Eta garbi neukan lasterketa bai edo bai irabazi behar nuela. Zorionez, beste txapeldun handi askoren moduan, lasterketa irabazi ahal izan nuen. Eta horretara animatzen zaituztet; alegia, beste 50 urtean lasterketa antolatu dezazuen".
Alberto Contadorrek 20 minutu eta 30 segundotan igo zuen Gorla 2001ean; Debagoieneko txirrindulari bakarrak irabazi du Gorlako Igoeran txapela, Xabier Lazpiur angiozartarrak (1990)
50. Gorlako Igoera, datutan
- Distantzia: 114 kilometro (rutometroa).
- Desnibel positiboa: 1.995 metro.
- Ziklista kopurua: 200.
- Mendateak: Gorla (51. kilometroan, 11:15), Deskarga (80. kilometroan, 12:00), Asentzio (96. kilometroan, 12:25) eta Gorla (113. kilometroan, 12:50).
Domekako egitaraua
- 09:30 Streaming emanaldia hasiko dute eta Goiena.eus atarian ikusi ahal izango da. Gorlan pantaila erraldoia jarriko dute.
- 09:50 Juan Mari Aranzabal zenari omenaldia.
- 10:00 Lasterketa hasiera, San Martin plazan.
- 10:20, 11:20 Autobusa Gorlara igotzeko (Burdiñaten, ez da doan).
- 11:45 Umeendako herri kirol probak.
- 12:15 Txorizoa eta txokolate beroa (Gorlan).
- 12:50 Lasterketa amaiera.
- 13:45, 14:15 Autobusa jaisteko.