Izan ere, erretratugile paregabea izan zen Okina, eta marrazkigintza oinarri eta diziplina moduan mantendu zuen bere ibilbide osoan; berebiziko garrantzia eman zion. Antolatzaileek diotenez, marrazkien bilduma berezi honen erakusketa mugarri bat izango da mendeurrenaren ibilbide oparoan, erakusketa benetan berezia izango dela sinistuta.
Salbuespenak salbuespen, eskuratu dituzten erretratuen artean gaur egun bizirik dauden andre eta gizonen erretratuak aurkeztea erabaki dute, haiek baitira ariketa artistikoaren lekuko bakarrak. Xabier Agirre, Bingen De Pedro, Antton Arrillaga eta Miguel Okinaren iloba, Josu Okina, dabiltza antolatzaile lanetan. Ilobaren erretratua izango da ikusgai egongo den 100 koadroetako bat, 1978koa. Gogotsu dago iloba osabaren lan ezezagun horiek bergararrekin partekatzeko.
Olioz egindako erretratu bi
Ikatzez egindako 100 koadroez gain, olioz egindako bi erretratu margotu aurretik mihisean egindako oinarrizko marrazkien irudiak erakutsi nahi izan dituzte. Margolariak ateratako argazki batetik abiatuta, irudi inprimatuan erreproduzitu dute erretratuaren hasierako marrazkia. Horrela, Okinak irudia ikatzarekin nola eraikitzen zuen, nola konposatzen zuen eta aurpegiaren keinu sentikorrenak hasieratik nola bilatzen zituen ezagutuko du erakusketa bisitatzen duenak.
Erakusketa egubakoitzean, martxoak 28, irekiko dute, eta arratsaldeko zazpietan egingo dute irekiera ekitaldia. Apirilaren 13ra arte egongo da zabalik; antolatzaileek uste dute herritar asko hurbilduko direla; bereziki, adineko bergararrak.
Erakusketa honez gain, irailaren 20an Miguel Okinaren liburu biografikoa aurkeztuko dute eta urriaren 3tik 26ra egingo duten erakusketa antologikoarekin amaituko da Miguel Okinaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko antolatu duten egitaraua.