Emakumeek kaleak hartu dituzte gaur, "inpunitate barik hedatzen ari diren diskurtso faxistei" aurre egiteko. Halaxe adierazi dute manifestazio bukaeraren hitzartzean: "Faxismoak hedatzeko eta egokitzeko forma ezberdinak hartu izan ditu garaian garaiko testuinguruetan. Ikusten ari gara Trump, Musk, Milei edota Vox kultura faxista zabaltzen dabiltzala sare sozialen bitartez, gure herrian bertan ere eragiten duten diskurtsoak".
Engainatuko ez dituztela nabarmendu dute jarraian: "Logika patriarkalari aurre egiten dieten emakumeak, pertsona migratu eta arrazializatuak edota LGTBIQ+ kolektiboko pertsonak zigortzen dituzte, askatasun sexualaren aurkako neurriak, emakumeen aurkako seinalamenduak, eraso arrazistak zein pertsona migratu eta pobreen aurkako kriminalizazioa sustatuz. Horien aurrean, biktima erdigunean jarri eta justizia feminista aplikatzea dagokigu, herritarren bizitza hobetzeko alternatibak sortu eta indartzea, politika eta herri erantzun ausartak behar ditugulako. Kalean eta instituzietan tira eginda, aliantza feministak baliatu behar ditugu".
Diskurtso faxistak kritikatu eta seinalatzea nahikoa ez dela ohartarazi dute: "Arazo sozialei aurre egiteko ezintasuna eta planteamendu katastrofistak ugaritzen dabiltza. Egin dezagun tokiko alternatiben eta proposamenen alde".
Bihar jarraipena izango dute M-8ko ospakizunek, Emakumeen Mundu Martxaren VI. Nazioarteko Ekintzari plazan hasiera emanda, 12:30ean.