Martxoaren 8aren bueltako egitarau oparoa antolatu dute Bergaran, eta, besteak beste, Jabekuntza Eskolako saioei hasiera eman dien Ana Goitiaren Katana bakarrizketa, La Furiaren eta Anariren kontzertuak eta Bergarako Emakume Artisten erakusketa sartu dituzte egitarauaren barruan. Biharko, Emakumeen Nazioarteko Egunerako manifestazioa antolatu dute Martxanterak eta Oñeztuak Bergarako talde feministek. Euskal Herriko Mugimendu Feministak egindako deialdira batu dira eta Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak! lelopean irtengo dira kalera, 13:00etan, Munibe plazatik.
Leloari dagokionez, adierazi dute eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada ikusten dutela hainbat esparru eta sektoretan, eta mugimendu feministaren lorpenen aurka eta askotariko indarkeria formak hazi egin direla: "Horregatik, aldarrikatu nahi dugu feminismoa ezinbesteko mugimendua dela eraldaketarako proposamen integralak egiteko; feminismo antiarrazista, antikolonialista, antikapitalista eta antiklasista".
Manifestazioaren ostean, urtero bezala, ekitaldia egingo dute, Munibe plazan, eta herritarrei dei egin diete aurtengo lelo eta gaiarekin lotura duten mezuak eta kartelak sortu eta manifestaziora eramatera.
Halaber, hilaren 9an ere M-8ko ospakizunekin jarraituko dute Bergaran, eta bost urtean behin egiten den Emakumeen Mundu Martxaren VI. Nazioarteko Ekintza egingo dute, 12:30etik 18:00etara, plazan –euria bada, Seminarioko karpan–. Bailarako mugimendu feministako kideak eta beste herri batzuetako kolektibo sozialak elkartuko dira Bergaran.
Zinema eta antzezlan eskaintza
Hilabete honetako zinema egitaraua ere Martxoaren 8arekin lotu dute. Alde batetik, asteroko helduendako zinema komertzialaren barruan, honako film hauek proiektatuko dituzte: La mitad de Ana, martxoaren 9an eta 10ean; Amal, martxoaren 16an eta 17an; eta Lee Miller, martxoaren 30ean eta 31n. ZinemaOn zineklubak aste honetan eskaini du Maura Delpero zuzendariaren Vermiglio filma, eta martxoaren 12an emango du Mar Coll-en Salve Maria. Emanaldi guztiak Seminarixoan izango dira, 19:30ean. Horren harira, ZinemaOn-ekoek adierazi dute saiatzen direla urte osoan emakumezko zuzendari, aktore eta ekoizleek egindako filmak proiektatzen eta gonbidatu moduan ekartzen.
Halaber, La Dramatica Errante konpainiaren Yerma antzezlana izango da martxoaren 14an, 20:00etan, Seminarixoan.
27 emakume bergararren lanak
Urtero bezala, Bergarako Emakume Artisten lanak ikus daitezke Aroztegi aretoan, domekara arte. Martxoaren 8aren bueltan egin ohi dute, eta bederatzigarren edizio honetan 27 emakume artista bergararrek hartu dute parte. "2026koa, gainera, hamargarren erakusketa izango da, eta suposatzen dut zerbait berezia egingo dugula", esan du erakusketako artisten artean dagoen Justina Elexpuruk.
Ez dute gai konkreturik finkatu. Emakumeak eta bergararrak izatea dira Aroztegiko erakusketan dauden lanen sortzaileek amankomunean dituzten ezaugarri gutxietako batzuk. Izan ere, adinari, lantzen dituzten diziplinei eta jarraitzen dituzten estiloei dagokienez, aniztasuna da nagusi. Ana Abajok, esaterako, aretoaren sarreran dagoen koadroarekin hartu dut parte aurtengo erakusketan: "Urte batean izan ezik, beti egon izan naiz bertan. Eta, sortzaileen artean halako aniztasuna egonda, aurten gaia librea izateak askatasun handiagoa eman digula uste dut".
Esan bezala, domekara arte bisitatu ahal izango da erakusketa: gaur, 18:00etatik 20:30era; zapatuan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta domekan, 12:00etatik 14:00etara.