Bederatzigarrenez hartu dute Aroztegi Bergarako emakume artisten lanek

Txomin Madina Milikua 2025ko ots. 28a, 21:55

Gaur iluntzean inauguratu duten erakusketak 27 sortzaileren lanak batzen ditu. Artisten artean aniztasuna da nagusi, bai belaunaldietan, bai diziplinetan eta baita tekniketan ere.

Dagoeneko ohikoa bihurtu da Bergaran Martxoaren 8aren bueltan herriko emakume sortzaileen lanak batzen dituen erakusketa bat zabaltzea eta halaxe egin dute gaur iluntzean, bederatzigarren aldiz, Aroztegi aretoan. Oraingoan 27 artistak hartu dute parte ekimenean eta beste urte batzuetan ez bezala, aurkeztu dituzten lanak ez dira gai konkretu baten bueltakoak izan. Irekiera ekitaldian sortzaileak bakarrik ez, herritar ugari ere elkartu dira.

"Guretzat erakusketa berezi eta garrantzitsua da emakume hauei protagonismoa ematen zaielako; izan ere, batzuetan, tamalez, emakumeen lana ezkutuan geratzen delako", azaldu du inaugurazio ekitaldian Bergarako Udaleko  Kultura zinegotzi Maite Usabiagak. Justina Elexpuruk, erakusketan parte hartzen duen sortzaileetako batek hartu du hitza ondoren, eta azpimarratu du erakusketaren antolaketa bera nahiko informala dela: "Ez gara elkarte bat edo talde egituratu bat, Whatsappa dugu topaleku. Eta horren bitartez antolatzen dugu erakusketa ere".

Aniztasuna ikur

Emakumeak eta bergararrak izatea dira Aroztegiko erakusketan dauden lanen sortzaileek amankomunean dituzten ezaugarri gutxietako batzuk. Izan ere adinari, lantzen dituzten diziplinei eta jarraitzen dituzten estiloei dagokienez aniztasuna da nagusi. Ana Abajok, esaterako, aretoaren sarreran dagoen koadroarekin hartzen dut parte aurtengo erakusketan. “Urte baten izan ezik, beti egon izan naiz bertan. Eta sortzaileen artean halako aniztasuna egonda, aurten gaia librea izateak askatasun gehiago eman digula uste dut”.

Irakasle erretiratua den Idoia Azakatek, bere aldetik, proposamen bikoitza aurkeztu ditu: koadro bat eta lanparekin egindako instalazio bat. "Nire lanak erakutsi izan ditut Bergaran bertan, Elgetan zein Donostian, baina erakusketa honetan egoteke nengoen. Aurten animatu naiz lehenengoz", adierazi du Zaratek, eta gaineratu "polita eta interesgarria" dela aretoan ikusi daitekeen artelan nahasketa.

Cecilia Dulantok, aldiz, besteak beste ikus-entzunezko bat eta bestelako egitura batzuk batzen dituen instalazio bat jarri du aurten. "Ikuslearekin jolastea gustatzen zait eta horregatik obra ireki bat egin dut aurten. Zurrumurruak, kritikak, begiradak… abiapuntu hartuta, ikusleari galdetu nahi izan diot ea zein puntura arte den librea bere herrian", azaldu du bere lanaz. Beste parte-hartzaileak bezala, Dulanto ez da egiten duen artetik bizi: "Industriaren munduan lan egiten dut, baina niretzat hau arnasgunea da, askapena moduan bizi dut".

Martxoaren 9ra arte

Martxoaren 9ra arte bisitatu ahalko da erakusketa: martitzenetik egubakoitzera, 18:00etatik 20:30etara; zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30etara; eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak