Atzo, astelehena, egin zuen Bergarako udalbatzak otsaileko ohiko osoko bilkura, bertan izan ziren EH Bilduko zinegotziak eta EAJko bost ordezkari, baina alderdi sozialistako Alberto Alonso ez zen bilkuran izan. Jorratutako puntuen artean, EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako Martxoaren 8ko adierazpen bateratua onartu zuten aho batez.
Adierazpenean, bat egin dute Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataforma adopzioaren 30. urteurreneko ospakizunarekin. Jaso dute azken hiru hamarkadetan aurrerapauso garrantzitsuak eman direla, baina oraindik ez dela lortu genero-berdintasunik munduko herrialde bakar batean ere. Berdintasunerako bide horretan, Bergarako udalbatzak hamaika konpromiso hartu ditu; eta zerrenda horretan daude, besteak beste, sustapen-egiturak baliabide eta langile nahikoz hornitzea berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko politikak garatzeko; emakumeen elkartegintza eta elkarte feministak sustatzea edota Bergaran emakumeek eta gizonek berdintasunez parte hartzeko eta eragiteko errazten dituzten baldintzak sortzeko akordioak hartzea.
Maite Usabiaga EH Bilduko bozeramaileak adierazi du gobernantza feminista baten ikuspegitik, arreta gehiago jarri behar zaiela egiteko moduei: "Gobernantza feminista baten ikuspegitik, arreta jarri beharko genuke egiteko moduetan; zeharkakotasunean lanketa gehiago eginez. Horrek esan nahi du aurrekontu batzuk diseinatzen ditugunean, arauak pentsatzen ditugunean, edo erabakiguneak diseinatzen direnean, hori dena ikuspegi feminista batetik egin behar dela. Uste dugu hori dela berdintasun oso batera ailegatzeko modua eta Udalak hartu dituen konpromisoak ere bide horretatik izan dira".
Jeltzaleek uste dute berdintasuna lortzeko pauso asko eman badira ere, lan handia dagoela egiteko oraindik. "Guk nahi genuena da berdintasun arloan, alderdi bezala, gure konpromisoa indartu eta adieraztea gure konpromisoa feminismoa eta berdintasunaren inguruan; uste dugulako hori lagungarria dela gizarte hobe bat eraikitzeko", dio EAJko bozeramaile Mikel Letek.
Halaber, berdintasunaren bide horretan, Bergarako Udalak Emakumeen Txokoa sortuko du Arrizuriaga jauregian, Elhuyar kooperatibaren laguntza teknikoarekin. Martxotik aurrera, hausnarketa saio desberdinetan emakumeen txokoaren gako desberdinak landuko dituzte herriko emakumeekin.
Berenerrekin hitzarmena
Atzoko bilkuran, 2024ko abenduko osoko bilkuran onartutako Berenerren lankidetza hitzarmenari jarraipena emanez, lau akordio onartu zituzten, horiek ere aho batez. Batetik, Bergarako Udalak bazkide laguntzaile gisa parte hartzeko kontratua, bestetik, lankidetzarako akordio markoa, 2025-2027 elkarlan hitzarmena eta azkenik, San Martin ikastetxeko teilatuaren lagabena autokontsumo partekaturako energia sortzeko plaka fotovoltaikoak jartzeko. Bi alderdiak pozik agertu dira lortutako akordioarekin, hilabeteetako elkarlanak fruituak eman dituelako, eta abenduan onartutako konpromisoak berretsi dituztelako.
"Berenerrekin lortu dugu elkarlanerako oinarri batzuk zehaztea ahalbideratuko dutenak epe luzean trantsizio sozioekologikoak suposatzen dituen erronkei modu publiko-komunitarioan erantzun ahal izantea. Gainera, kontseilu errektoretzan udalak ze paper izango duen ofizializatu da. Zentzu horretan, konpromisoak ere berresten dira eta Udalaren papera aktiboagoa izango da kooperatiban hemendik aurrera", azaldu zuen Usabiagak bilkuraren ostean.
Mikel Lete EAJko bozeramaileak zioen konpromiso "handia eta argia" daukatela energia berriztagarrien alde: "Uste dugu, gaur egun fosilen bitartez sortzen den energia hori lagatzen joan behar garela poliki-poliki eta trantsizioa egin beharra dagoela energia berriztagarrien aldera. Uste dugu Berener badela komunitate energetiko bezala, tresna egoki bat Udalarekin elkarlanean, trantsizio eta bide hori elkarrekin egiteko".
Hala, aipatzeko, Bergarako Udalak 2025eko aurrekontuetan, 388.000 euro bideratuko ditu eraikin publikoetan instalazio fotovoltaikoak egiteko, energia burujabeta bultzatzeko helburuarekin.